Apirilaren 23an abiatu zen Zapla! egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatuta. Pandemiak bertso plaza ia desagerrarazi duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea da proiektuaren asmo nagusia. Gainera, kultura, eta bertsolaritza, seguruak direla erakusteko xedea ere badu egitasmoak, eta erantzukizunez antolatu daitezkeela. Era berean, txapelketak eskatzen duen saio/egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai eta ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera baliatu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Zentzu horretan diseinatu da zazpi saioetako zikloa, Nafarroako zazpi herri bisitatuko dituena. Lizarran, Beran, Irurtzunen eta Zizur Nagusian egon ostean, beste bi herritan izanen da asteburu honetan. Larunbatean, maiatzak 8, Antsoainen, kopla saioa izanen da, musikak girotua. Ainara Ieregi, Joana Ziganda, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Saats Karasatorre bertsolariak izanen dira kantuan, eta Zigor Gartzia “Zian” ariko da gai-jartzaile lanetan. Xabier Otano (baxua), Ibai Goñi (perkusioa), Mikel Flamarike (gitarra) eta Ion Erro (tronpeta) ere izanen dira oholtza gainean, bertsolarien lanari musika erantsiz.
Igandean, berriz, bertso jaialdia izanen da Agoizko Kultur Etxean. Aitor Irastortza, Ander Fuentes “Itturri”, Endika Legarra, Joanes Illarregi eta Mintxo Astiz ariko dira bertsotan, Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei kantari. Bi kasuetan, Antsoainerako zein Agoitzerako, eskuragai daude sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian. 18:30ean dira bi saioak.
Hauek dira, beraz, asteburuko bi saioak:
ANTSOAIN. Maiatzak 8, larunbata, 18:30ean
Antzokian.
KOPLA SAIO MUSIKATUA
Ainara Ieregi Joana Ziganda Josu Sanjurjo Mikel Lasarte Patxi Castillo Saats Karasatorre Gai-jartzailea: Zigor Gartzia “Zian”
Sarrerak: www.bertsosarrerak.eus
Laguntzailea: Antsoaingo Udala
AGOITZ. Maiatzak 9, igandea, 18:30ean
Kultur Etxean.
BERTSO JAIALDIA
Aitor Irastortza Ander Fuentes “Itturri” Endika Legarra Joanes Illarregi Mintxo Astiz Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea
Sarrerak: www.bertsosarrerak.eus Laguntzailea: Agoizko Udala