GKSren "kale borrokako taldea" osatzea leporatu die Espainiako Poliziak Iruñerrian atxilotutakoei

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 4a, 08:47

Atxiloketak argudiatzeko oharra kaleratu zuen Espainiako Poliziak atzo eguerdian. Helburu kriminal komuna duen talde "egonkor", "antolatu", "bortitz" eta "erradikala" sortzea egozten die. Atxilotuak izan ziren gazteen lagun eta senideek prentsaurreko "masibora" deitu dute gaurko. 

Oharrean "erakunde sezesionista erradikaletako" kide direla dio Poliziak, zuzenean aipatzen du GKS Gazte Koordinadora Sozialista eta "Amnistia Ta Askatasunaren (ATA)" kausarekin bat egiten duela zehaztu dute. Poliziaren hitzetan, talde "egonkor", "antolatu", "erreadikal" eta "bortitza" osatzen dute gazteek.

Poliziak argudiatu duenez, atxilotuetako lauk osatzen dute taldearen "nukleo erradikal eta beligeranteena" eta "helburu kriminal komun batekin" ordena publikoaren aurkako arau-hauste penalak egiteko hitzartzen dira "modu antolatu eta koordinatuan". Taldearen egituran kideetako baten lidergo garbia atzeman du poliziak: "Atxilotuetako batek jarraibide argiak eman zituen azaroaren zazpiko istiluetan, eta agindu zuen zer helbururi eraso egin behar zitzaion; noiz, non eta nola; barrikadak non egin; poliziari noiz eraso, eta abar".

Taldeak "denboran egonkortasuna" izan duela ere azaldu du poliziak oharrean, "haurtzarotik lotzen dituen adiskidetasunagatik eta muturreko ezker abertzaleko hainbat egituretako militantziagatik eta Indar Gorri "ultra taldeko" kide izateagatik".

Hainbat "sabotaje eta istiluren" dinamizatzaile izatea egozten die poliziak. 2020ko azaroaren 7 arratsalde-gauean Arrotxapea auzoan izandako istiluekin lotu ditu atxilotutakoak. GKSek Iruñeko Alde Zaharrean manifestazioa egin zuen arratsalde horretan, eta hori azpimarratu du poliziak oharrean. Bost banku-sukurtsal eta bi saltoki erasotu zituztela, edukiontziak gurutzatu eta erre eta poliziari harriekin eta bestelako objektu sendoekin eraso egin zitzailela dio Poliziak oharrean.

Hiru miaketa egin dituzte atxilotuetako batzuen etxeetan, eta "lehergailuak egiteko eskuliburuak, molotov koktel kimikoak egiteko eskema grafiko bat, trumoi erako bost suziri, ukabil amerikar bat, metalezko bi defentsa hedagarri, poliziaren kontrola saihesteko informazioa, GKSen propaganda eta material informatiko ugari" aurkitu dutela azpimarratu du poliziak oharrean. 

Egoeraren inguruko balorazioa egiteko prentsaurreko "masiboa" egingo dute gazteen senide eta lagunek, gaur, 11:00etan, Arrotxapeko Plaza Gorrian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!