Irurtzunen eta Zizur Nagusian eginen dira Zapla! egitasmoko hurrengo bi saioak

Euskalerria Irratia 2021ko api. 30a, 09:14

Zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia izanen da Irurtzunen, gaur, 18:30ean. Igandean, berriz, Zizur Nagusian izanen da saioa, kasu honetan, bertso trama. Bietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Pasa den asteburuan abiatu zen Zapla! egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatuta. Pandemiak bertso plaza ia desagerrarazi duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea da proiektuaren asmo nagusia. Gainera, kultura, eta bertsolaritza, seguruak direla erakusteko xedea ere badu egitasmoak, eta erantzukizunez antolatu daitezkeela. Era berean, txapelketak eskatzen duen saio/egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai eta ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera baliatu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Zentzu horretan diseinatu da zazpi saioetako zikloa, Nafarroako zazpi herri bisitatuko dituena. Pasa den astean Lizarran eta Beran izan ziren estreinako saioak, eta beste bi saio izanen dira heldu den asteburuan. Bihar, apirilak 30, Irurtzunen, zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia izanen da, Maialen Belarrak gidatuta. Gai-jartzaileak zentzumenei kantari jarriko ditu hiru bertsolariak, Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina. 18:30ean hasiko da saioa, Kultur Etxean.

Igandean, berriz, bertso trama izango da Zizur Nagusiko Kultur Etxean. Beñat Astiz, Idoia Granizo, Miel Mari Elosegi “Luze”, Sarai Robles eta Xabat Illarregi ariko dira bertsotan, Ander Aranburuk jarritako gaiei kantari. Bertso traman, hasieratik hartzen du bertsolari bakoitzak pertsonaia baten rola, eta hura mantentzen du bukaerara arte, bidean zehar istorio oso bat harilkatuz. 18:30ean hasiko da saioa. Bi kasuetan, Irurtzunerako zein Zizur Nagusirako, eskuragai daude sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!