Bihar igaroko dira epailearen aurretik Iruñerrian atxilotutako hamar gazteak

Euskalerria Irratia 2021ko api. 28a, 12:20
400 pertsona inguru bildu ziren atzo Arrotxapean, atxiloketak salatzeko.

Beste gazte zenbait deklaratzera deitu ditu Espainiako Poliziak. Gazteen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur, 20:00etan, Arrotxapean.

Espainiako Poliziaren esku daude atzo Arrotxapean eta Burlatan izandako polizia operazio ikusgarrian atxilotutako hamar gazteak. Iruñeko General Chinchilla kaleko polizia etxera eraman zituzten lehenik, baina Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzan eman dute gaua, obrak egiten ari direlako bestean. Polizia operazioa sumario sekretupean dago, eta urria da gaiaz zabaldu den informazioa. Espero zen gaur pasako zirela guardiako epailearen aurretik, baina Espainiako Poliziak guardiako epaileari jakinarazi dionez, bihar izanen da. Beraz, gutxienez, beste gau bat emanen dute atxiloturik. Beste bi gazte deklaratzera deitu dituzte Chinchilla klaeko polizia etxera. 

Atxilotuetako bati emandako autoan desordena publikoak eragitea eta "talde kriminal bat" osatzea leporatu zaio. Baina ez da baieztatu gazte guztiei delitu berak leporatzen dizkien Poliziak. Hainbat komunikabidek zabaldu dute azaroaren 7an Arrotxapean izandako istiluetan parte hartzea leporatzen dietela.

Atxiloketak Polizia Esku-hartzeko Unitateko kideek egin dituzte, eta Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiko Informazio Brigada Probintzialak egindako ikerketa baten ondorio dira. Poliziak gutxienez bi etxebizitza miatu zituen, eta material informatikoa eta eranskailuak konfiskatu zituzten. Atzo dei bat egiteko aukera izan zuten gazteek, baina salatu zutenez, konfiantzazko abokatuekin harremanetan jartzea galarazi zien poliziak. 

Erasoen aurrean, klase elkartasuna lelopean gaur ere elkarretaratzea eginen da Arrotxapeko Plaza Gorrian, 20:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!