LABek Nafarroako zahar egoitzetarako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi du

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 2a, 14:43

Sindikatuak elkarrizketak abiatuko ditu erabiltzaile, familia eta gobernuarekin. Otsailaren 27an, gainera, mobilizazioa eginen dute Iruñean.

Esku hartze sozialeko lehen hitzarmena lortu ondoren, LAB sindikatuak adinekoen egoitzen Nafarroako lehen hitzarmena lortzea du helburu. "Nahiz eta hitzarmen berriak sortzea ez den batere ohikoa -Nafarroan hiru sortu dira azken hogei urtean-, LABek uste du zahar egoitzetan bizi den egoera larriak eta Esku-hartze Sozialeko hitzarmen sortu berriaren bultzadak beharrezko eta posible egiten dutela erronka honi heltzea".

Sektorea erabat feminizatuta dagoela salatu du sindikatuak eta oso egoera larria bizi dutela langileek pribatizazioaren, prekarizazioaren eta bitarteko faltaren ondorioz. "Egoera horrek agerian uzten du erakundeek zenbateko utzikeria daukaten zaintzen esparruan; funtsezko esparrua izaki, berrantolatu eta lehentasuna eman behar zaio. Nafarroako gizartearentzat erronka estrategikoa da zaintza-sistema publiko komunitario bat sortzea, esparru sindikalak, mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak sarritan eskatu dutena", adierazi dute.

Sindikatuaren iritziz, hitzarmenak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke. Alde batetik, negoziazio-eremua Nafarroara gerturatuko litzatekela, azaldu dute; eta ondorioz, "egoitzetako langileek eta haien ordezkariek lan-baldintzen erregulazioan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko lukete". Beste aldetik, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, sindikatuaren aburuz. "Bi urrats horiek eskutik doazela frogatu da: lan-baldintzen estatalizazioa prekarizatzeko bide bat da, eta, aldiz, negoziazio kolektiboko esparru propio batean aurrera egitea lanbidea duintzeko aukera paregabea da", azaldu dute..

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!