Gizon bat atxilotu dute Orkoienen, sexu eraso bat egitea egotzita

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 29a, 09:37
Argazkia: Foruzaingoa

Foruzaingoak bi egunez jarraian atxilotua ostean espetxeratu dute. Abenduaren 24an, gabon gauean, gertatu zen sexu erasoa eta gaur erasoa gaitzesteko elkarretaratzea eginen dute.

Gizon bat bi aldiz atxilotu dute Orkoienen, indarkeria matxista delituak egotzita. Foruzaingoak jakitera eman duenez, lehen atxiloketa Gabon-gauean para eraso ostean izan zen, eta bigarrena, egun bat geroago urruntzeko agindua urratzeagatik.

Orkoiengo Udaleko EH Bilduren taldeak babesa agertu dio biktimari, eta bat egin du mugimendu feministak asteartean 19:00etan deitutako elkarretaratzearekin. "Gizarte gisa ezin dugu onartu pertsona bat bera ere, emakume izateagatik, eraso baten biktima ez izatea", adierazi du talde soberanistak.

Orkoiengo Udalak ere bat egin du deialdiarekin, eta aho batez onartu du adierazpen bat, honako hau dioena: "Emakumeen aurkako indarkeriak banakako erasotzaileak eta biktimak ditu, baina botere-harremanetan oinarritutako egiturazko arazo baten ondorio da, emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duena".

Horren ostean adierazi duenez, "indarkeria hori genero-aurreiritzien inguruko sozializazio iraunkorraren ondorio larriena eta muturrekoena da, emakumeen oinarrizko askatasunen aurka egiten duena eta giza eskubideen urraketa dakarrena".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!