Buruko osasuna da Igel euria antzezlanaren gai nagusia. Protagonista bere buruaz beste egiteko gertu dago, eta lana bere gaitzaren prozesua islatuz doa, flashbacken bidez: hala, erakusten du ukapena, onarpena, beldurra, buruargitasuna, umorea edota errebeldia. Emaitza “emozioen errusiar mendi bat” da, Lierni Fresnedo aktorearen hitzetan.
Gai gogorrak dira buruko gaixotasunena eta halakoak dituzten pertsonek pairatzen duten estigmarena; “gogorak, baina baita jorratu beharrekoak ere”, Fresnedok nabarmendu duenez.
Performancearen hurbileko lengoaia teatral baten bitartez, zuzeneko eta grabatutako eszenen arteko joko batean, protagonistarekin batera “barre eta negar” egingo du ikusleak.
Gau taularatuko dute antzezlana, arratsaldeko zazpietan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Antzerki Aroa zikloaren barruan.