Villavesen edukiera %50ean izango da gaurtik aurrera

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 09:23

Gaurtik aurrera, errefortzuko 18 ibilgailu erabiliko dituzte puntako orduetan.

Covid-19ren kutsadurari aurre egiteko ezohiko neurri berriak ezartzen dituen foru agindua indarrean sartu ondoren, gaurtik aurrera, villavesen gehienezko edukiera %50ekoa izango da, "baldin eta flotaren gehienezko edukierak horretarako aukera ematen badu".

Gehienezko edukiera hauek ezarriko dira: 18 metroko luzera duten autobus artikulatuetan, 62 eta 71 plaza bitartean, ibilgailu eredu bakoitzaren arabera; 12 metroko luzera duten autobus zurrunetan, 38 eta 43 plaza bitartean, ibilgailu eredu bakoitzaren arabera; eta 10 metroko luzera duten autobus zurrunetan, 35 plaza, guztira.

Ondorioz, gehieneko edukieraren %50aren erreferentzia erabiliko da eta errefortzuak txertatuko dituzte linea bakoitzaren beharren arabera une jakin batzuetan, bereziki puntako orduetan (07:00etatik 09:00etara eta 14:00etatik 15:00etara), Iruñerriko Mankomunitateak ohar batean azaldu duenez.

Hala ere, mankomunitateak adierazi duenez, foru aginduaren arabera, eskuragarri dagoen flota guztia zerbitzuan dagoenean, bidaiariei sartzen utziko zaie, nahiz eta gehienezko edukiera lortu, autobusaren barruan jende asko biltzen den uneetan izan ezik.

Une honetan, flotan erabilgarri dauden ibilgailu guztiak erabiltzen ari dira. Gainera, ostegunetik aurrera 18 errefortzu ibilgailu erabiliko dituzte puntako orduetan, azken asteetan erabiltzen ari ziren 14 ibilgailuak baino lau gehiago.

Horrez gain, mankomunitateak ostiral, larunbat eta jai bezperetako zerbitzua aurreratzea erabaki du. Horrela, bihartik aurrera 00:00etan amaituko da, hau da, lanegunetako ordutegi bera aplikatuko da.

Indarrean dauden ordutegiei eta maiztasunei buruzko informazio zehatza hiri garraioaren webgunean (www.infotuc.es), Tu villavesa app-an eta Herritarren Arretarako telefonoan (948423242) kontsulta daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!