Nafarroak gutxienez 331 milioi euroko zor publikoa jaulkiko du aurten

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 7a, 08:33

Foru Ogasunaren azken txostenaren arabera, Nafarroak gutxienez 331 milioi euroko zor publikoa jaulkiko du aurten, eta gehiago izango dira Espainiako Gobernuak defizitaren muga handitzea baimentzen badu.

Koronabirusaren ondorio ekonomiko eta sozialek gastua handitzea eta aurreikusi gabeko diru-sarrerak murriztea eragin dute, eta beharrezkoa da horiek finantzatzea. Ondorioz, Foru Ogasunak moldatu egin du hasiera batean 2020rako diseinatutako finantzaketa estrategia, errealitate berrira egokitzeko.

Zor berriaren gutxi gorabeherako kostua urtean lau milioi eurokoa izango da, eta aurten aurreikusitako 65 milioi euroei gehitu beharko zaie. Gobernuak 450 milioi euroko defizita izango duela aurreikusi du.

2019ko amaieran 3.297 milioi euroko zorra zuen Nafarroak, aurreko urtean baino %4,3 gutxiago.

Dena den, interesak maximo historikoaren azpitik jarraituko dute, 2015ean, Nafarroak 108 milioi euro ordaindu baitzituen zorraren eta aurreko urteetan pilatutako maileguen kostuagatik.

Nafarroako eta Espainiako gobernuek %2,3ko defizita adostu dute, baina egoerak hobera egiten ez badu, gora egiteko prest agertu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!