Ekainean hasiko dira mankomunitatearen egoitza berriko lanak, salestarren garai bateko komentuan

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 25a, 12:01
Salestarren komentua izandakoa (Iruñerriko Mankomunitatea)

Obrek ingurune horretan eragin ditzaketen eragozpenak “ahalik eta txikienak izan daitezen” saiatuko dira.

Zaharberritze proiektua idazteko eta obra esleitzeko prozesuak amaitu ondoren, ekaineko lehen egunetan hasiko dira Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berria salestarren garai bateko komentuan berritzeko eta egokitzeko lanak, eta aurreikusten dute iraupena bi urtekoa izatea. Aurretik eman den azken pausoa esku-hartze arkeologikoa izan da, martxoaren amaieratik apirilaren erdialdera egin zena eta eremua ebaluatzeko bidea eman duena.

Egun hauetan, eraikinaren inguruetan bizi diren auzokideei gutuna eta eskupapera bidaltzen ari zaizkie, obrek eragin ditzaketen eragozpenak “ahal den neurrian txikitzen” saiatuko dela azaltzeko. Dena den, gutunean adierazten den moduan, “ezin saihestuzkoa izango da une jakin batzuetan makineria astunaren zaratarekin, mugimenduarekin eta instalazioarekin lotutako eragozpenak sortzea, eta bai inguru horretan noizean behin zirkulazioa etetea ere”.  

SCPSAko Administrazio Kontseiluak joan den abenduan hitzartu zuen salestarren garai bateko komentua eta mankomunitatearen etorkizuneko egoitza birgaitzeko obrak Construcciones ACR, S.A. enpresari esleitzea. Esleipenaren zenbatekoa 13.182.764,17 eurokoa da (BEZa barne), kontratuaren lizitazio-zenbatekoaren aldean %15 gutxiago.  

Komentua Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat da. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektu baten arabera, eta 2003a bitartean salestarren klausurako komunitate bat hartu zuen.

XI. mendeaz geroztik, orube honek Iruñeko historian esanahi handia izan duten eraikinak hartu izan ditu: Erdi Aroko lursailetako baratzeak, Burguko harresiaren atzealdea, Erregeren Dorreko gunearen zati bat, Cruzaten eta Armendaritzen jauregiak, Erresumako Etxea, Aduana eta Tabakalera.

Iruñerriko Mankomunitateak 2010ean eskuratu zuen Andre Mariaren Bisitazioaren garai bateko komentuaren higiezina, salestarren komentua ere esaten zaiona, bertan biltzeko eskualde-erakundearen administrazio-zerbitzuak eta herritarrei arreta ematekoak.  Zaharberritzeko eta egokitzeko proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatuko du, dagoenaren diseinua gordeko du, bai eta kanpoko bolumetria ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!