Iruñerriko hiri garraioko bidaiarien kopurua iaz baino %92 txikiagoa izan zen apirilean. Zehazki, 253.574 bidaia izan ziren guztira; iazko hilabete berean, berriz, 3.051.163, Iruñerriko Mankomunitateak jakitera eman duenez.
Mankomunitateak ohar baten bidez adierazi duenez, litekeena da konfinamendua arintzeko prozesuaren 1. fasera aldatzea, eta maiatzaren 11tik aurrera eskaria handitzea. Hori dela eta, mankomunitateko zerbitzu teknikoak aurreikuspenak aztertzen ari dira, zerbitzu eskaintza berri bat planifikatzeko, eta, hala eginez gero, horren berri emango litzateke.
Bidaia gutxien apirilaren 12an izan ziren (Pazko Igandea), 2.434 bidaiarekin. Aste Santuan (apirilaren 9tik 13ra) ez ziren 5.000 bidaia baino gehiago egin. Bidaia gehien hilaren 30ean izan ziren, osteguna, 13.470 bidaiarekin.
Ohiz kanpoko zerbitzua alarma egoeran
Mankomunitateak eskualdeko hiri-garraioko zerbitzua murriztu zuen martxoaren 20tik aurrera, eta jaiegunei dagokiena aplikatu zuen; horrek %42ko murrizketa ekarri zuen ohiko lanegunen aldean. Ondoren, funtsezkoak ez ziren jarduerak bertan behera uzten zituen Errege Lege Dekretua indarrean jarri ondoren, zerbitzuaren beste murrizketa bat aplikatu zuten.
Hala, apirilaren 6tik (astelehena), lanegunetako eguneko zerbitzuan %58ko murrizketa aplikatu zen osasun krisiaren aurreko lanegun bateko eguneko zerbitzuarekin alderatuta. Bi egun lehenago, asteburuetan eguneko zerbitzuan %47ko murrizketa aplikatu zen ohiko jai zerbitzuari dagokionez.
Mankomunitateak jakitera eman duenez, ezohiko zerbitzu berri hori aplikatzen jarraituko dute aldaketa bat justifikatzen duten baldintzak egon arte. Une honetan, datorren astean eskain litekeen zerbitzu eskaintza aztertzen ari dira, 1. fasera aldatzea aurreikusten delako, eta horrek eskaria handitzea ekar dezakeelako.
Maiatzaren 4tik derrigorrezkoa da garraio publikoko zerbitzuen erabiltzaile guztiek maskarak erabiltzea.