Lapiko jotzera deitu dute Uharten, igandean izandako eraso matxista bat salatzeko

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 5a, 13:09
Bi lagun, lapikoa jotzen, Iruñean. (Argazkia: Ekinklik)

Uharteko Udalak atzo jakinarazi zuen igandean indarkeria matxista kasu bat izan zela, eta erasotzailea atxilotu egin zutela 

Berdintasun Batzordeak onartutako adierazpen instituzional baten bidez, Uharteko Udalak erasoa gaitzetsi zuen eta biktimari elkartasuna adierazi zion, "egoera gainditzeko beharrezko babesa" emanez. Udaleko iturriek Diario de Noticias egunkariari jakinarazi diotenez, erasoa emakumearen etxean gertatu zen. Emakumeak berak eman zuen gertatutakoaren berri, telefonoz, eta Guardia Zibila bertaratu eta gizona atxilotu zuen, etxetik irtetera zihoala.

"Emakumeen aurkako indarkeriak errealitate izaten jarraitzen du gure gizartean, eta haien oinarrizko eskubideen urraketaren adibide argia da. Adierazpen ugari ditu eta, horregatik, beharrezkoa da indarkeria hori gainditzeko politika publikoak garatzen jarraitzea ", salatu du udalak adierazpen instituzionalean. Era berean, azpimarratu du koronabirusarengatik alarma egoera deklaratu ostean, emakume asko zaurgarritasun egoeran daudela etxebizitzetan egoteko betebeharragatik.

Gaitzespen gisa, mugimendu feministak, gaur, arratsaldeko 20:00etan, leihoetatik eta balkoietatik kazerolada egitera deitu ditu Uharteko herritarrak. “Erasorik ez erantzunik gabe", adierazi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!