TCCko batzordeak zalantzan jarri ditu segurtasun neurriak

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 24a, 10:52

Prebentziorako ekintzak langileek beraiek egin dituztela salatu dute

TCC Iruñeko hiri garraioko enpresa batzordeak ohar baten bidez adierazi du garraio publikoa "ahalik eta baldintzarik onenetan eta lankideen eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jarri gabe” eskaini behar dela, eta “behingoz, enpresen onuretan gutxiago pentsatuz".

Enpresak aldi baterako lan erregulazio espediente baten iragarpena egin ondoren, nabarmendu dute oraindik ere badirela ibilbidea "20 minutu eskasean" egin beharko dituzten autobus lineak. "Une egokia izango zen hau konpontzeko; hori eskatzen jarraituko dugu", adierazi dute. ELA, LAB, ATTU, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, lanaldia murriztu egin diete, eta langabeziara joango dira, baina egoera hori "behar-beharrezkoa den denboran" izatea espero dute.

Martxoaren 11n lan talde bat sortu zutela gogorarazi dute. Enpresak jakinarazi zien langile kopurua jaitsi ahala antolatuko zuela zerbitzua, betiere guztia Iruñerriko Mankomunitatearekin adostuz. Horrez gain, garbiketa zerbitzua indartzeaz eta gel hidroalkoholikoa banatzeaz ere hitz egin zuten, besteak beste. Baina neurri horiek "berandu" aplikatzen ari dira, batzordeak salatu duenez. Gainera, prebentzioaren alorrean egin diren ekintzak langileek beraiek egin dituztela ziurtatu dute; esaterako, aurreko aldea zintekin isolatzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!