"Antolatu indarrak, batu borroka feministara!"

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 13:48

Argazkia: Ekinklik

Goizean goiz hasiko dira borroka feminista aldarrikatzeko mobilizazioak igandean. Hona mugimendu feministak Iruñerriko hiri, herri eta auzoetan antolatutakoa.

Mezu zuzen eta argia aukeratu du aurten ere mugimendu feministak martxoaren 8rako. Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean eginen dira mobilizazioak. "Aurrean izanen gaituzue", ohartarazi dute. Nafarroako manifestazio nagusia 18:00etan irtengo da Iruñeko Antoniuttitik.

Antsoain

Gynkana feminista eta gosaria izanen dira 10:00etan, Txokogorrin. Rol tailerra eginen dute ondoren. Eguerdian, Lapurbide Plazan izanen da ekitaldia eta elkarretaratzea. Euskal Herria Plazan elkartuko dira 17:00etan, manifestaziora elkarrekin joateko.

Atarrabia

Udaletxe plazatik irtengo da 12:00etan Atarrabiako manifestazio-kalejira. Bazkaria eginen dute ondoren, eta manifestazio nagusira joateko zutabea, 16:30ean irtengo da plaza beretik. 

Barañain

Antolatu indarrak, bildu borroka feministara lelopean, elkarretaratzea antolatu dute goizean Udaletxeko plazan. Protestaz gain, lunch txiki bat, mezuak idazteko tailer bat eta "urratzaile bat zure bidean" dantza ere eskainiko dituzte.

Arratsaldean, Iruñeako manifestazio bateratura joango diren emakume guztiak deitu dituzte, Barañaindik denak batera ateratzeko. Horretarako 17:00etan Barañaingo Udaletxeko Plazan biltzeko deia egin dute.

Burlata

Burlatako Gaztetxean martxoaren 2an abiatu zituzten, martxoaren 8aren harira antolatutako ekimenak. Gaur, martxoaren 5ean, harremanen inguruan hausnartzeko tailerra eginen dute, 18:00etan. Burlatako Feministak taldeak, berriz, Parritan elkartuko dira herria apaintzen hasteko.

Martxoaren 8an, argazki erraldoia eginen dute 13:00etan. Manifestaziora joateko zutabea osatzeko 16:50ean geratu dira.

Esteribar

Zubirin izanen dira Esteribarreko mugimendu feministak antolatutako jarduerak. 

Iruñea

Alde Zaharra

Iruñean Nafarroako Epaitegiaren aurrean eginen da lehen jarduera, 10:30ean. Emakumeen* xenofobiaren aurkako "besarkada" eginen da 12:00etarako deitu duten elkarretaratzean. Bazkari autogestionatua izanen da Santa Ana Plazan.

Dena den, eguna iritsi bitartean izan da M8arekin lotuta zer egiterik. NUPeko talde feministak Iraultza feminista eraikitzen astea antolatu du. Martxoaren 11an, esaterako, antolakuntza feministaren historia lantzeko jarduera antolatu dute.

Arrotxapea

Arrotxapeko mugimendu feministak ostiralean abiatuko du antolatutakoa. 'Emakumeen mugimendua, emakumeak mugimenduan hitzaldia eskainiko du Begoña Zabalak Errotaberri elkartean. Igandean, berriz, trikipoteo feminista izanen da eguerdian. Manifestaziora joateko zutabea 17:15ean irtengo da Carbonillatik.

Iruñerriko Ikasle Abertzaleak taldeak Arrotxapeko gaztetxean eginen ditu martxoaren 8arekin lotutako jarduerak. 

Donibane

Txupinazo batekin hasiko da Donibane auzoan igandea. 12:00etan elkarretaratzera deitu dute Golem zinemetan eta ondoren bermuth musikatua eginen dute. Golemetatik irtengo da zutabea, 17:30ean. 

Mendillorri

Dokumental baten proiekzioa eta kontzertua antolatu ditu Mendillorriko mugimendu feministak gaurko. Igandean, berriz, jolasak eginen dituzte goizean. Auzoberrin bazkalduko dute eta 16:45ean elkartuko dira tximinia inguruan Antoniuttira elkarrekin joateko.

Txantrea

Txantreako topaketa feministak eginen dituzte asteburuan. Ostiralean hasita Zer dakizu zuk feminismoaz? mahai ingurua eta bertso poteoa eginen dituzte. Larunbaterako jarduera andana antolatu dute. Harremanak berrikusteko, sexualitateaz, auzoaz eta hezkuntzaz hausnartzeko tailerrak eginen dituzte. Eguna euskaraoke festarekin amaituko dute. Igandean, 11:00etan, manifestazioa eginen dute auzoan. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!