‘Antsoainen haur eskola euskalduna orain!’ lelopean protestara deitu du guraso talde batek. Elkarretaratzea eginen dute herrian, otsailaren 26an, 17:30ean, Udaletxe Plazan. Antsoaingo haurren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen konponbide bat exijitu diote udalari.
Gaztelania da erreferentziazko hizkuntza Antsoaingo San Cristobal haur eskolan, ez baita euskarazko hezkuntza lerrorik eskaintzen. Udalak eskutitz bidez jakinarazi duenez, "ikastetxeko ikasleak adinaren arabera banatutako lau taldetan banatzen dira gaur egun, eta talde bakoitzean normalean bi hezitzaile izaten dituzte"; eta, "historikoki", lau talde horietako hirutan bi hezitzaileetako bat elebiduna izan da.
Antsoainen erroldatutako familiei Iruñeko Udalaren titulartasuneko haur eskoletara joateko aukera eskaini die udalak, udalen artean sinatutako hitzarmen bati esker aukera hori ere dutela jakinaraziz. "Hitzarmena egonda ere, badakigu Iruñeko Udalak euskarazko plaza kopurua murriztuko duela. Hala izanez gero, Antsoaingo familiak kanpo geratuko gara", ohartarazi dute gurasoek.
Halaber, salatu dute azken bi urteetan udalak ez duela aurrerapausurik egin. "Udal haur eskolako eredua erdalduna bada ere, araudiaren arabera bederatzi hezitzaileetatik seik euskaldunak beharko lukete izan. Ez da betetzen".