“Euskara erabiltzen da eskolan, baina ez dago lerrorik”, azaldu du EH Bilduko zinegotzi eta Antsoaingo alkateordeak. Udalera iritsi zirenean hori aldatzeko beharra antzeman zutela dio: “Bat egiten dugu eskatzen dutenarekin: euskarazko lerroa nahi dugu haur eskolan”. Antsoaingo Udaleko gehiengo politikoa ere horren alde dagoela adierazi du. Martxan jartzeko, baina, "arazo teknikoak" dituztela gaineratu du.
Aurreko legegintzaldian hasi ziren gaia lantzan, eta lerroa osatze aldera 2017an hizkuntza profila aldatu zuten zuzendaritzan. “Kontratatu zituztenean ez zen halako hizkuntza eskakizunik egin”, azaldu du. Antsoainen haur eskola bakarra dago. Zortzi hezitzailek eta zuzendari batek egiten dute lan bertan. Hiru elebidunak dira, eta beste bi formakuntza egiten ari dira.
“Langileen eskubideak ere bermatu behar ditugu”, gaineratu du Aiesak. “2019ko urtarrilean saiatu ginen euskarazko lerroa sortzen, baina arazo teknikoengatik atzera egin behar izan genuen”. Lerroa lortzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du.
Azaldu duenez, hiru ardatzetan oinarritzen da EH Bilduren lana: “Batetik, euskaldunon eskubideak bermatu behar dira Antsoainen; bestetik, bideragarritasuna eman nahi diogu eskolari, eta hori euskarazko lerroarekin lortu daiteke. Eta kalitatezko hezkuntza publikoa defendatzen dugu”.
Eskola euskalduna aldarrikatzeko protestak
Abenduaren 31an, uskarazko haur eskola aldarrikatzeko protesta ekintza egin zuen euskaltzale talde batek. Udaletxe aitzinean bildu ziren protesta egitekok, eta horietako batek bere burua itxi egin zuen du eraikinaren barruan. "Udalak ez digu jaramonik egiten, eta ez die gure eskaerei erantzuten. Bitartean, erdal ereduko haur eskolari eusten dio. Haurrak euskaraz hezi nahi ditugun gurasook bazterketa pairatzen dugu", azaldu zuten ekintzaileek.