Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiko titularrak Foruzaingoak atxilotutako laugarren gizonezko bat behin-behinean eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen atzo, iragan abenduan Orkoienen emakume bati ustez sexu-erasoa egiteagatik. Auzipetuak internet bidez geratu ziren biktimarekin, eta harekin sexu harremanak izan zituzten haren baimenik gabe.
Atzo espetxeratutako gizona behin-behineko askatasunean zegoen urtarrilaren 4az geroztik, baina hura inkriminatzen duten froga berriak aurkitu izanak berriro deklarazioa hartzera eraman zuen atzo epailea. Fiskaltzak eta salatzaileak egindako akusazio partikularrak eskatuta, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen atzo, jadanik bertan zeuden beste hiru gizonekin batera.