Ostiralean hasiko da Berriozarko inauteria. Herri inauteriak Artikaraionko ibilbidea eginen du egun horretab, Txolin, txatxoak, gabatxoak, joaldunak eta gaiteroak 19:30ean abiatuko dira Berriozarko Auzo Zaharretik.
Larunbaterako, otsailaren 22rako, hainbat jarduera antolatu dituzte Euskal Herria plazako karparen inguruan. Goizean hasiko da festa, bazkaria eta bazkalosteko musikalaren ondoren, arratseko 18:00etan, kuadrillek eta banakoek prestatutako mozorro eta karrozen desfilea abiatuko da.
80. hamarkadaz geroztik, Berriozarren berezko inauteria ospatzen da, Txolin XVIII. mendeko pertsonaiaren inguruan, Espoz y Minaren ordezkaria, frantsesen okupazioaren aurka matxinatua. Berriogoitin sortua, Artikako alkate izatera iritsi zen. Euskalduna zen, eta gaztelaniaz ez omen zekien. Felix Sarasa zuen izena.
Txolin goitizena, bere emaztearen etxetik hartu zuen, Artikako Txolinena. Pertsonaia honen inguruan konpartsa bat osatzen da bere lagunekin (txatxoak eta sorginak) eta etsaiekin (frantsesak), eta liskar eta dantzen artean (abesti eta dantza propioak ditu) Berriozarko kaleetan ibili eta Eguzki plazaraino joaten dira.