Atarrabiako udaletxeko fatxadan ikurrina jartzea baliogabetu du Justiziak

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 14a, 13:00

  • Ikurrina fatxadan jartzearen aurkako Navarra Sumaren helegitea aintzat hartu du Administrazoiarekiko auzien epaiteak.
  • Atarrabiako jaien txupinazoan Navarra Sumako zinegotziak erasotu zituztela salatu zuen koalizio eskuindarrak iaz. Jaiak "lokazten" saiatu zirela salatu zuen Atarrabiako udalbatzak. 

Navarra Suma udal taldeak jarritako helegitea aintzat hartu du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegiak. Auzitegiak bertan behera utzi du urriaren 5ean Atarrabiako udaletxeko "toki nagusi batean" ikurrina erakustea, jaiak iragartzeko suziria jaurti zen egunean. 

Navarra Suma koalizioaren iritziz, Atarrabiako Udalak helegitearen aurrean "amore ematea erabaki du". Alkatearen ebazpenak "alegatutako gertaeren errealitatea aitortzea eta ondorio juridikoarekiko adostasuna adierazten du", koalizioaren ustez.

Eskuin koalizioak txupinazo unean bere kideen kontra erasoak izan zirela salatu, eta Atarrabiako udaltzainen jarrera "pasiboa" kritikatu zuten iaz. Eguneko bideo eta lekukoek erakutsi zuten ez zela erasorik izan, ordea. Atarrabiako udalbatzak Navarra Sumaren jarrera salatu zuen, herriaren festa, giro eta izen ona "zikintzen" saiatzeagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!