Iruñerriko Mankomunitateak 150.751 tona hondakin bildu zituen 2019an, aurreko urtean bildutakoa baino %0,54 gutxiago. Beherakada txiki horrek joera aldaketa dakar, 2014tik hona izandako igoeren ondoren. Jaitsieren artean, errefusa nabarmentzen da, %2,25eko beherakadarekin.
Hondakinen berreskurapenari dagokionez, igoera %2,30ekoa izan da, 58.968 tona berreskuratu baitira, sortutako guztiaren %39,1, joera historikotik gorantz eginez. Berreskuratutako kopuru handiena biohondakinei dagokie, 20.537 tonarekin (edukiontzi marroiko materia organikoa, lorezaintzako hondarrak eta etxeko eta komunitateko konpostajea).
Hondakin horien artean, bosgarren edukiontziaren materia organikoa nabarmentzen da, %6,52ko hazkundearekin; izan ere, 2018ko 8.415 tonetatik 8.964 tonetara igaro da. Hala ere, mankomunitateak nabarmendu du, kopuru handiak izan arren, Nafarroako Hondakinen Legeak ezarritako helburuetatik urrun dagoela.
Horrekin lotuat, 2018ko ekainetik Azpilagañan eta Artika Berrian hondakinak gaika biltzeko egiten den proba pilotuaren emaitzak nabarmendu ditu mankomunitateak, "edukiontzi marroiaren bidez erretiratutako hondakinen pisua %400 baino gehiago handitu baita". "Esperientzia horiek Iruñerrira estrapolatzeak 2018ko Nafarroako Hondakinen Legearen eskakizunak betetzea ahalbidetuko luke", azpimarratu du.
Paper-kartoiari dagokionez, 18.036 tona berreskuratu dira, sortutakoaren %70,6. Kopuru hori aurreko urtekoa baino %2,62 handiagoa da. Bestalde, berreskuratutako beira 9.940 tona izan da, sortutakoaren %73,2. Plastikozko ontziei eta brikei dagokienez, 4.220 tona berreskuratu dituzte, sortutakoaren %31. 1.038 tona metal ere berreskuratu dituzte.
Konpostajea eta garbiguneak
Etxeko konpostajearekin lotuta, 2019an 112 familiak eman dute izena, eta guztira, 3.389 etxek parte hartu dute. Horien artean 2.427 tona hondakin organiko kudeatu dituzte (sukaldeko hondakinak eta baratze edota lorategietako hondakin berdeak). Komunitate-konpostajearen kasuan, 851 etxebizitzek parte hartu zuten berrogei konpostaje-eremutan, eta guztira 268 tona hondakin kudeatu zituzten. Azkenik, 770 familiak hondakin organikoen auto-kudeaketaren alde egin zuten baliabide propioen bidez, eta guztira 338 tona hondakin kudeatu zituzten.
Azkenik, Traperos de Emausek, kontratu bidez, etxerako tamaina handiko ontziak, arropa eta atez ateko beira biltzen ditu tabernetan. 2019an 7.799 tona bildu zituen, eta horietatik 6.377 berrerabili eta berreskuratu zituen.