Gora egin du azken hamarkadak biztanleriak Nafarroan: %3,7. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bildutako azken datuen arabera, 654.214 biztanle ditu Nafarroak.
Herritarrak metatzeko gaitasuna "indarberritzen" ari da; bereziki, Arga eskualdean. Hala adierazi du Gaindegiak gaur zabaldutako oharrean. Haranak eskualdean, %6,6 egin du gora biztanleriak eta Iruñerrian %8,1. Aurrepirinioek ere handitu egin dute biztanleria oro har, baina eskualdearen iparraldean biztanleria galera nabarmena da. Erriberak ere bolumenari eutsi dio.
"Egora larria", erakusten dute, berriz, nafar Pirinioetako datuek. Azken hamarkadan biztanleen %14,2 galdu du zonaldeak. Zangozaldea, Erdialdea eta Jurramendi eskualdeetan ere behera egin du biztanleriak. Ez dira Nafarroa biztanleria galdu duten eskualde bakarrak, Lizarraldeko Erriberak, Izarbeibarrek, Sakanak, Bidasoak, Goi Erriberak eta Larraun-Leitzaranek ere biztanleria galdu baitute, apalki bada ere.
Euskal Herrian, hazkundea indartzen
Azken urteotan Euskal Herriko hazkunde demografikoa indartzen ari da Gaindegiaren iritziz. Ipar Euskal Herriak 2020 urtean zehar 310.000 biztanleen langa gaindituko du. Azken bi urteotan indar bereziarekin hazi bada ere, hazkunde erritmo bizia aspaldikoa du. INSEEko datu ofizialen arabera (2020) Ipar Euskal Herrian 309.673 herritarrek dute bizilekua.
2019an Hego Euskal Herriak biztanleria bolumena handitu egin du (+15.346). Izan ere, INEk aurreikusitakoaren kontra, 2012/15 epealdiko Hego Euskal Herriko biztanleriaren galera murritzaren ondoren jaiotza tasa apala eta zahartzearen ondoriozko heriotza tasa altua izan arren, laugarren urtez egin du gora herritarren bolumenak, Espainiar estatutik kanpo jaiotako etorkin fluxuei esker. Alde horretatik, euskal herritarren jatorri aniztasuna handitzen ari da.
Egun euskal herritarren %55,3a hiriguneetan eta %27,3a bitarteko hiriguneetan bizi da. Gainontzeko %17,4a, aldiz, landa eremuan bizi da. 2019 urtean hiru eremuek herritarrak bereganatu arren, azken bi urteetan hiriguneen hazkunde demografikoa berrindartu egin da.