Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Burlatako ikuskizunaren aurka egin du Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 14a, 13:21

Ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Burlatan. Hori ekiditen saiatu da Navarra Suma. Pailazoen ibilbidea ETAri lotuta dagoela argudiatu du Navarra Sumak kontrako botoa emateko Burlatako Kultura eta Jaietako patronatuan. 

Ikuskizuna eginen dute aurten ere pailazoek Burlatan, hala onartu zuen Burlatako Kultura eta Jaietako Patronatuko zuzendaritza batzordeak astelehenean. Hala gertatu ez zedin saiatu da, halere, Navarra Suma. Kontrako botoa eman zuen eskuineko koalizioak bileran.

"Gure asmoa euskarazko jardueren eskaintza zabaltzea da, baina ezin dugu babestu pailazo batzuk funts publikoekin kontratatzea, haien ibilbidea markatuta baitago proetarren kausarekin duten adostasunagatik, batasuna propagandaren defentsagatik eta gizarteko babesgabeenen erabilera politikoagatik, hala nola haurrena", azaldu dute.

Batzar horretan, patronatuko presidentea ez ezik, Ana Góngora alkatea (Na+), talde politikoetako 6 ordezkari eta eragile zenbaiten 6 ordezkari daude.

Navarra Sumak ohar baten bidez azaldu duenez, jardunari buruzko erabakia zuzendaritza batzordera eraman dute, batzar horren ahalmenei buruzko txosten juridiko baten ostean, eta ondorioztatu dute bera dela horretarako legezko eskumena duen organoa.

Gainera, balizko kontratu baten proposamena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldetik bertatik datorrela adierazi du. "Burlatako jarduera honen konpromisoa hartutako ohitura batean oinarritzen da; izan ere, aurreko legegintzaldian erregulartasunez jardun dute herrian, eta, are gehiago, data urte honetarako gorde zuten", esan du.

Navarra Sumatik diote haurrentzako euskarazko jarduerak egitearen alde daudela, eta, horren harira, "Burlatan programazioa zabala" dela adierazi dute. Adierazi dutenez, zientzia tailerrak egin dituzte berriki bai Kultur Etxean bai Ripagainan, Burlatako Udalak antolatuta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!