Berriozarren ere apustu etxeen kontra batu dira bizilagunak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 20a, 08:30

Urtarrilaren 18an manifestazioan negozio hauen kontra azaltzera dei egin dute. Gaur egun apustu etxe bat dago Berriozarren, baina beste bat irekitzear dagoela salatu dute bizilagunek. Udalak, lizentzia berri guztiak geldiarazi egin ditu.

"Berriozarko bizilagunok ez dugu beste aukerarik antolatzea besterik" adierazi du Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataformak, "Legeak erregulatu edo zaildu dezake negozio hauen zabalpena, baina ezin du ludopatiaren zabalpena edota gure txirotzea ekidin, eta batez ere, ezin du negozio hauen itxiera lortu. Horregatik antolatu gara plataforma honetan, herri bezala antolatzeko, negozio hauen aurka borrokatzeko".

"Auzo eta herri langileetan zabaldu dira, negozio honen ondorioak nagusiki pairatzen dituen jendea bizi den tokietan alegia" salatu dute. "Negozio hauen eragina menpekotasunetik haratago doa, apustuen munduan murgildu, errealitatetik urrundu eta gure eguneroko arazoen aurrean sumiso eta axolagabe mantentzen gaitu".

Berriozarko Udalak iragarri du ez duela apustu etxe berririk zabaltzeko baimenik emanen hemendik aurrera. Erabakia txalotzen duen arren, Plataformak gaur egun joku etxe bat badagoela gogorarazi eta beste bat zabaltzear dagoela azaldu du.

Urtarrilaren 18an manifestazioan bat egitera deitu dituzte Berriozarko bizilagun guztiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!