Greba deitu dute VWen, baja komunak mutualitatearekin hitzartzeko erabakiagatik

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 11a, 19:08

Nafarroako Volkswageneko langile batzordeak LABen eskaera bat onartu du, abenduaren 17, 18, 19, 20 eta 23an grebara deitzeko.

LABek gogorarazi du denbora daramala Espainiako gobernuek mutualitateei eskumenak emateko estrategia salatzen, osasun sistema publikoaren kaltetan. "Nafarroako Volkswagenek horrekin bat egiten du, justifikaziorik gabeko absentismo faltsu batean eta langileek sistema publikoarekiko duten iruzur susmoan oinarrituta", gaineratu du.

"Prebentzioa egin eta langileen osasun eta bizi kalitatea hobetu beharrean, kontrol eta presio handiagoa nahi dute, langileok gaixorik joan gaitezen lanera. Horri azken kaleratzeak gehitu behar zaizkio, gaixo egoteagatik, 52d artikuluan oinarrituta ", nabarmendu du LABek.

Hori dela eta, LABek greba egiteko deia egin du, eta enpresari erabaki hori atzera botatzeko exijitu dio. "Ezin dugu onartu langileen eskubideen eta osasun sistema publikoaren aurkako eraso hau", aldarrikatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!