Bihar, azaroak 19, asteartea, izango da Komunaren Mundu Eguna eta kanpaina horretako ekintzak aste osoan zehar gauzatuko dira.
Komunaren Mundu Eguna Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen du, eta helburua da deia egitea hondakin-uren saneamendu-sistema egokirik ez duten pertsonen alde neurriak hartzeko eta Garapen Iraunkorreko Helburuetako seigarrenean sustatzen den erronka lortzeko: saneamendua pertsona guztientzat 2030ean.
Kanpaina AEAS elkarteak (Ur Horniduren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartea) sustatu du, eta NILSAk (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.) eta Iruñerriko Mankomunitateak bat egin dute kanpaina horrekin. Hain zuzen, asmoa da herritarrak sentsibilizatzea komuna ongi erabiltzearen gainean, ez bihurtzeko zakarrontzi eta kostuak saihesteko buxadurei dagokienez, batik bat, paper-zapi bustiengatik.
Gogora ekarri behar da komunera botatzen diren higiene intimoko elementuak, kotoi-zotzak eta paper-zapi bustiak arazo larria direla hornidura- eta saneamendu-sarearen mantentze-lanetan. Paper-zapi bustiek azpiegitura publikoak buxatzen dituzte, hala nola estolda-sareak, ponpatze-ekipoak eta araztegiak, eta horrek %10 eta %15 artean garestitzen du hondakin-uren mantentzea, tratamendua eta arazketa. Horrek eragiten du, Espainian bakarrik, urtean 230 milioi euroko gainkostua izatea, urtean 4 eta 6 euro artean pertsonako.
Arturo Ruiz de Azagra, Iruñerriko Mankomunitateko kideak nabarmendu du komun-ontzia ez dela zakarrontzia ez eta hondakinen edukiontzia ere. Bertara bota daitekeen hondakin ez fisiologiko bakarra komuneko papera da. Gainerako guztiek, besteak beste, paper-zapi bustiek, kotoi-zotzek eta higiene intimoko produktuek, buxadura-arrisku larria eragiten dute, eta bai arazo handia ere arazketan. Gero, arazketa-arazo handi horren konponbidea zaila eta oso garestia da, ingurumenari eta ekonomiari dagokionez.
BISITAK, AHOLKUAK ETA TXOTXONGILO-KOMUNA
Aste honetarako programatutako kanpainaren ekintzak “Ez elikatu estoldetako munstroa” leloaren ingurukoak izango dira eta garapen berezia izango dute eskola-arloan.
Mankomunitatearen informazio-zentroetara egingo diren bisita guztiek eta IMren instalazioetara joateko programatuta dauden eskola-bisita guztiek aipamena egingo diote Komunaren Mundu Egunari, eta paper-zapi bustiak ongi erabiltzearen garrantzia nabarmenduko dute. Komunaren erabilera arduratsua egiteko aholkuak dituzten eskupaperak banatuko dira bisita guztietan, komunetik behera botatzen diren paper-zapi bustiek eragiten dituzten arazoak nabarmentzeko.
Beste alde batetik, azaroaren 23rako, larunbata, bi bisita gidatu programatu dira. Araztegietara egingo dira bisitak, eta, hartara, paper-zapi bustiek mota honetako instalazioetan eragiten duten arazoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da:
- Barasoain – Garinoaingo HUA (10:00etan)
- Arazuriko HUA (11:00etan)
Mankomunitatearen webguneko (www.mcp.es) “Jarduerak” atalean eta NILSAren webgunean (www.nilsa.com) eman ahal izango da bisita horietarako izena.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!