Hatortxu Rockeko arduradunek sare sozialen bidez zabaldu dutenez, gaur amaitu dira abenduaren 28an eginen den jaialdirako sarrerak. Hogei egunetan; urriaren 2an jarri baitzituzten salgai. Egunean bertan ez dute sarrerarik azalduko leihatiletan, “segurtasun neurriak direla eta“.
Zituzten aurreikuspenak gainditu direla adierazi dute: "Ohi baino espazio handiagoa inoiz baino lehenago bete duzue. Elkartasunez bete. Maitasunez bete. Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28a".
Abenduaren 28an ospatuko da elkartasun jaialdia Atarrabian. Euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideei maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek.
Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimyk osatuko dute aurtengo eskaintza.
Antolatzaileek Rotten XIII taldekoen prestutasuna txalotu nahi izan dute. Urtarrilean lan-istripu batean zendu zen Javi Fernandez baxu-jolea eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak hustu asmoz Atarrabian izanen dira.