LAB sindikatuak jakinarazi du ez dutela Salinas espetxeratuko, Lurralde Auzitegiaren epai berriak neurri batean onartu baitu sindikatuak jarritako helegitea, eta delituaren kalifikazioa mehatxu arinera jaitsi baitu. Hala, Salinasek 450 euroko isuna ordaindu beharko du, eta sindikatuak hartuko du bere gain. San Giovesa jatetxeko lan gatazkagatik 21 hilabeteko espetxera zigortu zuen Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak Imanol Salinas, megafono bat, pankarta bat, eta pegatina batzuk erabiltzea indarkeriatzat hartuta.
Sindikatuak nabarmendu du mobilizazioak garrantzi handia izan duela auzitegiaren erabaki berrian. Hala ere, LABek “larritzat” jo du sindikalista bat espetxeratua izateko mehatxupean egon izana, are gehiago enpresa eta sindikatuen artean lan gatazkak amaitzeko akordioa lortu denean. Alde horretatik, esan dute justiziaren zati bat “antisindikalista” dela, eta patronalarekin lerratzen dela.
Urriaren 10ean berriz epaituko dute Salinas, kasu horretan Jose Javier Osesekin batera. Huerta de Peraltako gatazkan furgoneta batekin grebalariak ordezkatu nahi zituztenen sarrera eragoztea egozten diete. LABek salatu du Salinas espetxeratu nahi izan duen epaile berberak epaituko dituela.
Hori dela eta, autoinkulpazio kanpaina bat martxan jarriko dutela jakinarazi dute, adierazteko Salinasek eta Osesek errurik ez dutela eta ekintza sindikala "inoiz baino beharrezkoa" dela. Esplotazioaren eta prekarietatearen aurka lanean jarraituko dutela esanez amaitu dute agerraldia: "Injustizia bat non, han izango da LABen bozgorailua".