Nafarroako Gobernuak baimena eman du beste bi gune berri zabaltzeko: Ibilgailuen Azterketa Tekbikoa egiteko gune berriak izanen ditu Iruñerriak urtarriletik aurrera. Uharten eta Cordovillan ezarriko dituzte eta guztira 27 langile berriri emanen zaie lanpostua. Gobernuak "intereseko proiektu" gisara jo zuen bi zentroak irekitzeko beharra eta hartara tramiteak azkartu eginen dira ahalik eta azkarren martxan jartzeko IAT planta berriak.
Revisiones Navarra izeneko enpresak zabalduko du Cordovillako zentroa eta Tuv Rheiland enpresak irekiko du Uhartekoa. Azken enpresa horrek gainera baimena jaso du Donezteben duen IAT zentroa handitzeko eta hirugarren ilara bat eskaintzeko. Revisiones Navarrak 770.000 euroko inbertsioa eginen du eta 12 lanpostu sortuko ditu Cordovillan. Tuv Rheilandek 733.000 euroko inbertsioa eginen du Uharteko gune berrirako eta 15 lanpostu sortuko ditu. Donezteben egin nahi duen handitze lanetarako 328.000 euro jarriko ditu eta beste lau lanpostu eratuko ditu.