Iruñerrian egiten ari diren deien arduradun ez dela ohartarazi du Mankomunitateak

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 4a, 19:31

Uraren kalitatea ona ez dela jakinarazten dute deitzen dutenek, eta ustezko arazoa konpotzeko hitzordua lortzen saiatzen dira.

Mankomunitateak ohartarazi du Iruñerriko etxebizitza batzuetara, Barañaingoak gehienak, egiten ari diren deien arduraduna ez dela. Deien egileak “uraren langileak” direla esaten dute eta txorrotako uraren kalitatea ona ez dela ziurtatzen dute. Arazoren bat dagoela nabarmentzen dute eta hori konpontzeko etxebizitzetara joateko hitzordua eskatzen dute.

Mankomunitateak argitu nahi izan du ez duela zerikusirik dei horiekin. Horrez gain, Iruñerriko uraren kalitate ona bermatua dagoela gogorarazi du. Hori dela-eta, herritarrei arretaz jokatzeko gomendatzen die, iruzurra izan daitekeelako susmoa baitute.

Ur horniduraren zerbitzuari buruzko edozein kontsulta egiteko, Iruñerriko erabiltzaileek Mankomunitateko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefono zenbakia balia daiteke: 948 423242

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!