Zinegabonak: haurrentzako zinema euskaraz euro batean

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 20a, 16:51

 Eguberri hauetan, abenduaren 29an eta 30ean, 11:30ean Iruñeko Golem Baiona zinematokian "Richard zikoina" eta "Iparraldeko Norman" filmak ikusi ahal izanen dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, Zinegabonak zikloa antolatu du  EiTBrekin eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin batera. Programa honek, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, 11 pelikula eskainiko ditu euskaraz haurrentzat. Zikloa indarberrituta dator edizio honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko sei aretotara iritsiko da.

Iruñean abenduaren 29an eta 30ean, 11.30ean, "Richard zikoina" eta "Iparraldeko Norman" filmak ikusteko aukera izanen dugu Golem Baiona zinematokian.

“Richard zikoina”: Richard zikoinek hezitako txolarre umezurtza da, bere burua zikoinatzat duena. Negua iristean, lurralde epelagoetara lukaldatzeko garaian, bere zikoina familiak txolarre bat dela kontatu, eta basoan geratu behar duela esaten dio, ez baitu Afrikaraino iristeko bidaia luzean bizirauteko aukerarik izango. Richard ez dago konforme, eta benetako zikoina dela erakutsi nahiko die, bidaia luzea bere kabus eginez. Lagun imaginarioa duen hontza xelebrea eta abeslari famatua dela pentsatzen duen perikitoa izango ditu bidaia-lagun. Oztopo ugari gainditu beharko ditu abentura ziraragarrian: saguzar arriskutsuak, Intertentera engantxatuta bizi diren usoak, bele mafiosoak, gorreria eragiteko zarata egiten duen Boeing 747 bat...

Afrikarako bidea topatzen duenean, beste ezusteko bati egin beharko dio aurre. Zikoinetako bat, azkonar beldurgarri baten atzaperretan preso dago, eta ihesaldian lagundu beharko dio. Zikoina txikiak barruan duen txolarre indartsua askatu beharko du ihes egin eta bere familiarekin elkartzeko.

“Iparraldeko Norman”: NORMAN ehizatzen ez dakien hartz zuria da. Badu dohain berezi bat, ordea: bere aitonak bezala, gizakiei hitz egiteko gaitasuna du! VERA marketing zuzendaria da eta egun batean Artikoan azalduko da telebistarako iragarki komertzial bat filmatzeko, bere nagusi dirudun eta harroputz GREENE jaunarentzat luxuzko etxeak sustatzeko helburuz. NORMAN berehala konturako
da zerbait egin behar duela bere etxea, Artikoa, salbatzeko.

NORMANek, bere aholkulari SOCRATES kaioak adore emanda, etxekoak bertan behera utzi eta itsasontzi batean ezkutaturik “Sagar Handi”-rako, New Yorkerako, bidea hartuko du, hiru leming txikitxo, bihurri eta ia suntsiezin lagun hartuta.

Manhattanen bertako biztanleek hartz zuriz mozorroturiko aktoretzat hartuko dute NORMAN, eta goizetik gauera ikaragarrizko ospea irabaziko du. Hartan, OLYMPIAk, Veraren alaba azkar eta adimentsuak, lagunduko dio GREENE
jaunak Artikoa kolonizatzeko dituen planak saboteatzen.

Abesti dibertigarri, dantza saio ikusgarri eta sekulako animazioz hornitua, barrealdiz-barrealdi, Iparraldeko Normanek erakutsiko digu hotza eta izotza gorabehera, inon ere ez dela egoten norbere etxean baino hobeto.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!