Dani Martirena: "Eskuartean duzunean beste pisu bat hartzen du liburuak"

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 23a, 18:18

2018ko Etxepare Saria jaso duen Cosimoren katiuskak liburua argitaratu berri du Pamiela argitaletxeak. Dani Martirena legasarrak idatzi du eta Iruñeko Ana Ibañezek egin ditu ikustrazioak. Dani Martirena bera eta Pamielako Pello Elzaburu editorea izan dira Irrintzi Plaza saioan.

Cosimo eta parke txiki bat dira protagonistak. Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute. Pozik da Dani Martirena liburuarekin: "Itxaropenez, ea ze bide egiten duen Cosimok".

"Gogoetarako kontakizuna" dela azpimarratu zuen epaimahaiak Etxepare Saria ematerakoan: "Cosimoren katiuskak liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duen". Hala uste du Pello Elzaburu editoreak ere. 

Etxepare 2019 sariketa abian

Haurrendako bilduma ilustratuen Etxepare sariketaren 2019ko ediziora aurkezteko epea irekita dago 2019ko maiatzaren 17ra arte. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte hartu ahal izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!