Iruñalde. Adinduentzako espazio berria estreinatu du Berriozarrek. Eguneko zentro, autonomia lantzeko toki edota jubiloteka ere izanen da. Solairu bakoitzak 300 metro koadro ditu eta guztira hiru dira solairuak. Ehun metro koadroko patioa ere badu Iruñaldek. Gimnasioa, jantokia, sukaldea, komuna, gela desberdinak, podologia eta gela digital bat ere baditu. 160.692 euroko inbertsioa egin dute adinduentzako zentro hori sortzeko.
Autonomia programa urriaren 15etik aurrera izanen dute adinduek Iruñalde zentroan: memoria tailerrak, gimnasia, yoga, dantzak, mugikorrak erabiltzen ikasteko kurtsoak eta beste izanen dituzte. "Bizia badela erakutsiko duen espazioa izanen da", nabarmendu du Josu Bayo Kirol, Ongizate eta Osasun teknikariak.