Datozen bi igandetarako ekimenak aurkeztu ditu Sortzen Elkarteak gaur. Alde batetik, datorren igande goizean, maiatzaren 13an, Iruñeko Gayarre Antzokian burutuko den “Egunon eskoletatik antzokira!” ekimen-ikuskizuna eta bestetik, hilaren 20an Iruñeko Antoniutti parkean eginen den jaiaren egitaraua.
Sergio Iribarren, Sortzeneko Nafarroako arduradunak azaldu duen bezala “Urtarrilean aipatu genuen aurtengo ikasturtean “EgunOn” adiera askotan erabiliko genuela, eta ez da kasualitatea. Egun on bat opatzeaz gain aldarrikapen moduan ere erabili nahi izan dugun adiera da EgunOn!
EgunOn!, eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa, edo eta eguna euskaraz hasi nahi duen orok hasteko aukera duela adierazteko modu gisa. Dakienak erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. EgunOn!, egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modu gisa. Euskarakilok, ikasle euskaldun eleaniztunen eskolarekin amets egiten duen barraskiloa, bat egin du Ikaskilorekin, Auzo Bizi Onaren eskolarekin amets egiten duen barraskiloarekin, pasa den urteko Jaiko protagonista, alegia.
Hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzen dugun honetan, bai euskararen lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz, eta abar. Eta, noizbait, trabarik gabeko euskaraz bizitzeko eskubidea nahi badugu, etorkizunari begiratuz, eta erronka berriak begiztatuz: gaur egungo Hezkuntza Ereduen letra zopa gaindituz, denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza ereduaren zabalpena esaterako, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen hezkuntza eredua, alegia. EgunOn! aldarrikatzailea da gurea beraz.”
ESKOLETATIK ANTZOKIRA
Aurten lehen aldiz “Eskoletatik Antzokira” ekimen-ikuskizuna antolatu dute NIZE (Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkartea) elkartearen laguntzarekin: “Eskolak, hizkuntza, herria, kolektiboa eta artea uztartuz, ikasturte amaierako elkargune bat ospatu nahi dugu, 2018ko maiatzaren 20an Iruñean ospatuko dugun Sortzen Jaiarekin lotuta; aurten egun bakar bat txiki geratu zaigu, bi igandetan ospatuko dugu gure jaia. “Eskoletatik antzokietara” ekimenarekin, osatu, garatu eta taularatuko ditugun ikuskizun ezberdinen bidez, artea ere euskaraz bizi dugula, eta arteak ere batzen gaituela irudikatu nahi dugu. Antzokian ere EgunOn! bat osatuko dugu!”
Horretarako 11 eskolek (Jauntsaratseko Ohianzabal, Bernart Etxepare-Eunate, Elorri, Patxi Larraintzar, Ezkaba, Alaitz, Hegoalde Ikastola, San Frantzisko, Mendialdea, Sanduzelai eta Erreniaga), bakoitzak euskararekin zerikusia duen edo eta euskaraz den ikuskizun motz bat oholtzan gaineratuko du. Ikuskizun honen aurkezle lanetan Zirika Zirkus taldeko Pantxika ibiliko da.
Gayarren, maitzaren 13an goizeko 11:30etan. Sarrerak doakoak dira. Nola lortu daitezke? Parte-hartuko duten eskoletan. Parte-hartzen duen ikasle bakoitzak bi sarrera izanen ditu ziurtatuta, bere sarreraz gain, eta eskola bakoitzean sarrera kantitate mugatu bat izanen da horietaz gain, bukatu arte banatuko direnak.
EGUNON! SORTZEN JAIA 2018
Udal Plazatik Antoniuttira
10:00 Kalejira #EuskaraOfizialaNafarroaOsoan!
Auzo Bizi Ona Eszenatokian
10:45 Hasiera Ekitaldia
11:00 Bertso Saioa
11:30 Dantzak
16:00 DJ Jotatxo
Euskarakilo Eszenatokian
12:00 Zirika Zirkus (‘Egun on, sikiera!’ ikuskizun berriaren estreinaldi mundiala)
15:00-20:00 Kontzertuak: Afu · Skabidean · Trikiteens
Gunean zehar
Haur Txokoa + Edozkitze Gunea /egun osoan/
Artisau Azoka /egun osoan/
Tonbola eta Denda /egun osoan/
Euskaraz Mintza Ginkana /11:00-14:00/
Guraso Elkarteen Tailerrak /11:00-14:00/
Saharako Kabiak /11:00-14:00/
Euskara Azoka (AEK, Topagune, EHE, IA…) /11:00-14:00/
Iruñerriko Mankomunitatea: Birziklapen Tailerra + Puzgarria + Jolasak + Ur taberna /11:00-14:00/
Muralismo Tailerra + Photocall /11:00-15:00/
Puzgarriak + Jolas tradizionalak /11:00-18:00/
Rokodromoa /11:00/
Kantuz /11:30/
Euskaraz Mintza Txokoa /15:30-17:30/
Nomadak Zirko Tailerra /15:30-17:30/
Landare Elkarteko osagai ekologikoez osatutako paella dastatzeko aukera izango dugu, La Unica Peñak sukaldatuko duena (mila esker!) eta, modu berean, eskainiko diren ogitarteko eta pizzek bertako (zero kilometroko) jaki naturalak izango dituzte.