Xabat Illarregik irabazi du Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa

Euskalerria Irratia 2018ko api. 24a, 07:46

Bigarren postua Ekhiñe Zapiain beratarrak eskuratu zuen eta biak sailkatu dira ekainaren 9an Saran egingo den Euskal Herriko Eskolartekorako.

Guztiz bete zen Iruñeko Maravillas gaztetxeko aretoa Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioa ikusteko. Hamaika izan ziren taulara igo ziren bertsolariak: Idurre Villanueva, Zuhara Zaratiegi, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Beñat Astiz, Xabat Illarregi, Etxahun Azkarraga, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika, Uxue Mesa eta Ekain Alegre.

Horietatik lau lortu zuten bigarren fasera sailkatzea: Uxue Mesa, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi. Azken bi hauek jokatu zuten buruz burukoa eta azkenean Illarregirentzat izan zen lehenengo postua. Asier Garcia izan zen saioko aurkezlea eta Saioa Alkaizak, Mikel Beumontek eta Arkaitz Goikoetxeak egin zituzten epaile lanak.

Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentearen eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako bertsolari gazteen txapelketan, entzuleen saria. Bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi zituen sari hau Ekain Alegre altsasuarrentzat izan zen.

Nafarroan lehenengo bi postuak eskuratuta, Xabat illarregi eta Ekhiñe Zapiain ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko eskolartekoaren finalean izango dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!