Orkoiengo euskara ikastaroak ikasturte erdian bertan behera utzi nahi ditu UPNk

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 27a, 08:16

Ikasleek matrikula ordainduta eta ikasturtea hasita badute ere, zerbitzua eten nahi dute erregionalistek, ikasle "gutxi" daudela argudiatuta. Neurriaren inguruko txostena eskatu die EH Bilduk udalaren zerbitzu juridikoei.

"Euskara ikastaroek ibilbide malkartsua izan dute azken urteotan, bereziki ardura UPNk hartu zuenetik. Errealitatetik urrun dauden ratioak, ikastaroen jarraitasunaren inguruko kezkak, informazio eza, neurri arbitrarioak, etengabeko mehatxua eta, zergatik ez esan, euskararekiko interes eta maitasun eza", salatu du Orkoiengo EH Bilduk. Euskara zinegotzi Miguel Angel Ruiz Langaricak ikastaroak bertan behera uzteko asmoa duela jakinarazi du alderdiak, hala baieztatu baitiote ikasleek eta euskara teknikariak. 

"Oso larritzat" jo du euskara ikastaroak desagertzeko asmoa, "ikasleek ikasturte osoa ordaindu dutelako jada eta hauek kalean uztea ondorio legalak izan ditzakeelako; ikasleek ahalegin handia egiten dutelako egunero euskara ikasteko, lana eta familiako betebeherrak ahal duten heinean uztartuz; erasoa euskara babestu beharko lukeen euskara zinegotzigotik datorrelako eta ikastaroak bertan behera uzteak euskararen babeserako udal ordenantza bera urratzen duelako".

Legezkoa ote den jakitearren txostena eskatu die EH Bilduk udaleko zerbitzu juridikoei eta ikastaroak aurrera ateratzeko ahalegin" eginen duela adierazi du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!