Leuzemiaren aurka eta hezur-muina ematearen alde, korrika

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 14a, 07:48

Ekainaren 20an eginen da herri-lasterketa gaixotasunaren aurka. Hezur-muin emaile izatearen garrantziaz ere ohartarazteko baliatuko dute eguna. 

Zazpigarren aldiz herri lasterketa izanen da leuzemiaren aurka. DOMENAk, Nafarroako Hezur-Muinaren Emaileen Elkartea, La Unica Rugbi taldeak eta Alegria de Iruña peñak antolatu dute aurtengo lasterketa. Burlatan izanen da, atletismoko pistetan hasi eta amaituko dena. Ekainaren 20an 20:00etan izanen da herri-lasterketa eta 5 kilometro egin beharko dira korrika. 

Izen-emateak internet bidez egin daitezke 5 euroan: www.todoscontralaleucemia.com webgunean. Kamisetak Futbolmanias dendan hartu daitezke, Zapateria kaleko bederatzigarrenean. 

Hezur-muina ematearen garrantzia

Leuzemiaren kontrako lasterketa izanen den arren, gaixotasun horri aurre egin ahal izateko hezur-muina ematearen garrantziaz ere ohartarazi nahi dute antolatzaileek. Izan ere, jende askok pentsa dezakeenaren kontra, oso erraza da hezur-muina ematea, ez du minik egiten eta biziak salba ditzake. Azken urteotan kontzientziazioa hazi egin da nafarren artean eta denbora gutxian 3.000 emaile izatetik 11.200 izatera pasa da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!