520 bizilagunek, datorren ekainaren 24an Karmele Solaguren dispertsio politikaren biktima bezela aitortuko duen monolitoaren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko deia egin dute. Jubilatuak, gazte langabeak, udal zerbitzu ezberdinetako langileak, eremu zabal bateko udal ordezkari ohiak, kirolariak, musikariak, herri mugimenduko kideak, medikuak, farmazeutikoak, merkatariak, abokatuak, irakasleak, eskoletako zuzendariak, lorezainak, erizainak, musika eskolako irakasleak, sindikalistak, mekanikoak... horiek osatzen dute Karmele Gogoan plataformari babesa eman dioten bizilagunen perfila.
"Karmele Gogoanetik gure bizilagunari gertatutakoa aitortzeko 12 urteko atzerapenarekin goazela uste dugu. Ukazioan oinarritutako 12 urte, eskubide urraketa egoera bat gaiztotu dutenak. Etorkizunari begiratzeko ordua ailegatu dela uste dugu, Karmele dena onartuz: eskubideak urratu dituen eta urratzen segitzen duen politika batek hildako biktima bat".
Dispertsio politikaren ondorioz gure bizilagunari eta bera bezalako beste ehundaka bizilagunei gertatutakoaren anbiguotasunik gabeko testigantza argi, iraunkor, zehatz, objektibo eta ukigaia uzteko unea iritsi dela uste dugu. Belaunaldi hauek, datozen belaunaldiek, istripu batek ez zuela Karmele hil jakin dezatela onuragarri eta garrantzitsua iruditzen zaigu. Herri honen historiaren parte bat ezagutu gabe hazi daitezen ez dugu nahi. Horregatik monolito honek, ezkutatutako eta isilarazitako errealitate honen lekukotza emango du, gure gizartea eta, zehazkiago, ehundaka preso eta senide eragiten dituen eskubideen urraketa egoera gainditzeko beharra islatuz.
Monolitoa, belardi honetan jarriko da eta 2017ko ekainaren 24an eguerdiko 12:00etan ekitaldia egingo da (Barañaingo Iruñeko etorbideko 14. zenbakiaren parean). Inaugurazio ekitaldiaren ostean, 14:00etan Alaitz eskolan herri bazkaria eginen dute. Txartelak ondorengo lekuetan salgai egongo dira: Iruñean (Karmen kaleko Herriko Tabernan) eta Barañainen (Akelamendi, Lurgorri, Hegoalde, Iratxo, Kaioa).