Nafarroako Kontuen Ganberak Arangurengo Udalaren kontuak aztertu ditu. Arangurengoa Iruñerriko zortzi herrik osaturiko udalerria da: Aranguren, Labiano, Taxoare, Zolia, Ilundain, Gongora, Lakidain eta Mutiloa.
Txostenak azpimarratzen duenez, Arangurengo biztanleria asko handitu da azken urteotan. Duela 15 urte, 4.000 biztanle zituen eta orain 9.400. Horri loturik dago, noski, inbertsioak izan duen gorakada. Izan ere, 2006tik 2015era Arangurengo Udalak 87 milioiko inbertsioak egin ditu.
Arangurengo Udalak iaz 9,8 milioi gastatu zituen, eta 9,3 milioi Bildu. Gastuetan ondasun eta zerbitzu arruntena nabarmentzen da, 4,6 milioirekin. Langileriaren gastua 2,5 milioi da, eta inbertsioetan 1,5 milioi gastatu zen. Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 3,3 milioi lortu ziren, ohiko transferentziekin 2,3 milioi eta tasen bitartez 2,1 milioi.
Txostenak Arangurengo Udalaren finantza egoera ona azpimarratzen du. Horren isla dira hurrengo datuak: iaz 740.000 euroko aurrezkia lortu zuen (ohiko diru-sarreren eta funtzionamendu gastuen arteko aldea); urte amaieran miloi eta erdi euro zuen diruzaintzan; eta, gainera, Arangurengo Udalak ez du zorrik.
Kontuen Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko kontuek ongi islatzen dituzte ondare egoera, aurrekontu kitapena eta finantza egoera. Legezkotasunaz ere aldeko iritzia ematen du, udalaren finantza jarduera indarrean dagoen legediaren arabera egiten baita.