Zauriak eta ilusioak
“Nire bizitzaren momentuarekin bat datorren bertsokera lantzen nabil. Ausartzen ari naiz barruan ditudan azal guztiak erakustera. 34 urteko pertsona naiz. Zauri eta pena zenbait dituena. Ilusio askorekin etorkizunera begira dagoena ere. Bertsoen bidez interpretatzen dut errealitatea”.
Inertzia eta konforta
“Sarritan, eguneroko martxan inertziaz jokatzen dugu. Ez diogu gure buruari galdetzen non kokatzen garen munduarekiko. Errekan behera goaz zalantzan jarri gabe zer egiten ari garen eta horrelakoetan pareta jotzeko arriskua dugu. Duda egitea ongi dago. Konfort eremuetatik tarteka ateratzea komeni da”.
Olatua eta aparra
“Sormenaren marea behera dagoenean jakin behar da eusten. Marea gora dagoenean, berriz, jakin aprobetxatzen. Bide luzea dugu bertsolariok. Olatuaren gainean orekari eutsi behar zaio, aparretan ito gabe”.
Arrazoia eta artea
“Asko dira bertsoa egiteko moduak. Ez dago era bakarra. Erakutsi izan digute bertsoaren amaieran arrazoi bat eman behar genuela erremate ona lortzeko. Ez nago osotara ados. Helduleku asko dago lana osatzeko. Besterik gabe, deskripzioz josi dezakegu bertsoa. Guk ere asko dugu desikasteko”.