Villavesetako langileek jasan dituzten erasoen aurrean irtenbideak eskatu dituzte

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 21a

Urtebetean zazpi eraso bortitz jasan dituztela salatu dute villavesetako langileek. Neurriak eskatu dituzte elkarretaratzean: bideo-kamerak eta manparak, adibidez.

30 autobusek dute iaztik segurtasun neurriren bat jarrita: bideo-kamerak edo manparak dituzte jarriak. Gainerakoetan ere jar ditzaten eskatu dute elkarretaratzean villavesetako langileek: "Segurtasuna emanen liguke", nabarmendu dute enpresa komiteko kideek.

Bereziki asteburuetan gertatzen dira erasoak. Hitzez egindakoak batzuk eta eraso fisikoak besteak. Azken urtean zazpi eraso "bortitz" izan dira. Gehienak lehenengo txandan gertatzen dira, goizeko seiak aldean. "Onartezina da langile bati bere zeregina egiten ari den bitartean hala zirikatzea. Hitzez zein fisikoki jasan ditugu erasoak", jakinarazi dute.

Asteburuetan eta goizaldean, gehienak

Barañain inguruan izan zen azken erasoa. Gidaria lanean ari zela egin zioten lehen erasoa eta geldialdian are gehiago jipoitu zuten. Bajan egon da zenbait astez gidaria. "Arriskuan jartzen dute langilea baina harekin batera autobusean doazen bidaiariak eta kalean, espaloian oinezkoak ere bai. Gidatzen ari zarela norbaitek kolpatzeak desegonkortu egin dezake ibilgailua", adierazi dute.

Horren aurrean, nori dagokio villavesak egokitzea langileak seguruago izan daitezen? Bada, TCC enpresak dio Iruñerriko Mankomunitatearena dela eratzunkizuna. Hala, langileek idazkia Mankomunitatean utzi dute, eskaera eginez.

Villavesetako langileek egindako elkarretaratzean izan da Mankomunitateko presidente Aritz Ayesa. Elkartasun osoa eskaini die langileei. Uste du, erasoak onartezinak direla.

120 autobus dabiltza Iruñerrian barna. 30ek dute segurtasunen bat gidariak babestuago senti daitezen. Gainerakoek ere izan ditzatela eskatu dute langileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!