VWek bigarren modeloa eginen du Landabenen

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 2a, 18:33

100.000 auto gehiago eginen dira lantegi honetan urtean, denera 350.000. Erabaki honekin gutxienez hamabost urtez bermatzen da lantegiaren etorkizuna.

Volkswagen taldeko lehendakariorde Francisco Javier Garcia Sanzek gaur eman die berria Landabengo arduradunei eta langileei.

Lan taldearen "profesionaltasuna eta ardura" goraipatu eta haiei esker lortu dutela modelo berriaren ekoizpena Nafarroara ekartzea nabarmendu du.

Zein auto izanen den 2018tik aurrera eginen dutena ez du zehaztu Alemaniako multinazionalak, baina pentsatzekoa da noranahiko edo SUV txiki bat izango dela, Poloren plataformaren gainean eraikitakoa.

Modu honetara urtean 100.000 auto gehiago eginen dutela aurriskusten dute. Poloarenak eta modelo berriaren aleak denera 350.000 ale izanen omen dira. Hau berri ona izan da lantegi honentzat eta baita Volkswagenentzat lan egiten duten empresa hornitzaile guztientzat ere. Aurrikuspenen arabera, 300 eta 500 lanpostu artean sortuko ditu modelo berriak.

Euskal Herriko lantegirik handiena da VWena: 4.500 lanpostu zuzen ematen ditu, eta beste hainbat zeharka. VWen fakturazioak Nafarroako barne produktu gordinaren %16 ekartzen du. Haren hornitzaileak eta autogintza sektore osoa batuz gero, ekarpena %25era iristen da. Nafarroako esportazioen %46 egiten dute. Hamar Poloetatik bederatzi Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen dira, eta gorakada handia izan dute azken urteotan, auto txikien salmenta baita, noranahikoekin batera, gehien handitu dena.

Bigarren modeloa lortze aldera, joan den martxoan akordio bat lortu zuten gehiengo sindikalak (UGT, CCOO eta CGC) eta zuzendaritzak lan baldintzen inguruan. Landabengo enpresa batzordeko 29 kideetatik 19 dituzte hiru sindikatu horiek. Ordezkaritza duten beste hiru sindikatuek (LAB, CGT eta ELA) ez sinatzea erabaki zuten.

Volkswagen Navarrako presidente Emilio Saenzek ziurtatu du asko "borrokatu" direla bigarren modeloa egiteko. "Une historiko bat da, eta fabrikaren etorkizuna bermatzen du". Gutxienez hamabost urtez bermatzen du lantegia.

“Foru-ekonomiarako aukera garrantzitsua”

Barkos Lehendakariak esan du iragarpen horrek Nafarroa konfiantza eta bermearen ikurra dela erakusten duela argi eta garbi.

Iragarpen ofizial hori Nafarroako Jauregian arratsaldeko lehen orduan izandako bileran egin da, eta bertan parte hartu dute ere Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik, Nafarroako Volkswageneko lehendakari Emilio Saenzek eta SEATeko eta Espainiako Volkswagen Taldeko Gobernuekiko eta Erakundeekiko Harremanetako lehendakariorde Ramon Paredesek.

Nafarroako Gobernuko Lehendakariak esan du "Volkswagen Taldeak hartutako erabakia foru-ekonomiarako aukera garrantzitsua" dela. Barkosen iritziz, "ilusio handiko une bat bizitzen ari gara; izan ere, bigarren modelo honen esleipena mugarri garrantzitsua da Landabengo lantegirako, enpresa laguntzaile eta hornitzaile guztietarako eta Nafarroa guztirako".

"Modelo berri honen fabrikazioak aberastasuna eta kalitatezko enplegua ekarriko ditu, gure Foru Komunitaterako estrategikoa den sektore batean", azaldu du Barkosek.

Nafarroako Lehendakariaren ustez, puntu honetara iritsi ahal izan da "alde guztiek egindako lan handiari esker". Ildo horretan, Alemaniako konpainiari eskerrak eman dizkio "Nafarroako lantegiarekin izandako konpromisoagatik, erabaki horrekin Nafarroako Volkswagen Partzuergoko erreferentzia nagusietako bat izaten jarraitzen du, indar handiagoz gainera". Horrez gain, "plantillak erakutsitako ahalegina, profesionaltasuna eta erantzukizuna" baloratu ditu.

Lehendakariak, gainera, "Nafarroako Gobernuak betetako zeregina" azpimarratu du, "prozesu guztian era aktiboan inplikatu da", eta "Volkswagenek Foru Gobernuan jarritako konfiantza" eskertu du. "Iragarpen honek Nafarroa gaur egun konfiantza eta bermearen ikurra dela erakusten du argi eta garbi", erantsi du Barkosek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!