Iruñerriko Mankomunitateak denbora errealean informazioa emateko 30 taula kokatu ditu Eskualdeko Hiri Garraioko geralekuetan, eta, hartara, lehendik zeuden 70ei gehitu zaizkie. Horrenbestez, kokatzeko bigarren fase honen ondoren (aurreko urteko ekainean hasi eta hilabete honetan amaitu da), 100 dira informazioa emateko taulak dituzten geralekuak.
Hain zuzen ere, kokatzeko planaren barnean hauek egin dira: 23 taula berri instalatu dira lehendik zeuden markesinetan, 2 taula lehendik zeuden zutoinetan, 4 taula markesina berrietan eta 1 zutoin berri batean; sarera konektatu dira; eta taula guztien informazio sisteman aktibatu dira.
SAREKO GERALEKUEN %19K DITUZTE TAULAK
Guztira, dauden 528 geralekuetatik 100etan daude informazioa emateko taula horiek, hau da, sareko geralekuetan %19tan. Hartara, Mugikortasun Metropolitarraren Behatokiak egindako azken azterlanean jasotako indize nazional onenak gainditzen ditu portzentaje horrek. Azterlan hori 2015eko apirilean eman zen argitara eta 2013ko datuak jasotzen ditu. Hain zuzen, azterlan horretan, Iruñerriko Hiri Garraioa hirugarren tokian zegoen, %14 izanda, Camp de Tarragona (%16) eta Asturiasen ondotik (%15).
Taulak izango dituzten geralekuak aukeratzeko hainbat faktore hartu dira aintzat, besteak beste, zerbitzuan sartzeko erabiltzaileen bolumena, geraleku bakoitzekoa, geraleku bakoitzean egindako autobus-aldaketen zenbaketa, taulekin bateragarriak diren altzariak egotea edo instalatzeko aukera (modelo berriko markesinak, arruntak edo bikoitzak, salbuespen jakin batzuk izan ezik, haietan taula zutoinaren gainean kokatu baita). Edonola ere, argiteriaren agintze zentrora taularen konexio elektrikoa egin ahal izateak baldintzatu du hori guztia.