Duela 13 bat urte, Jorge, Montxi, giltzapean sartu zuten. Urte asko pasa du urruti, Estatu espainiarraren kartzelatik kartzelara, iazko maiatzaren 21ean aske geratu arte.
Iruñean egin genion harrera jendetsua izan zen, hurbila, beroa. Eta, nago, hain justu hori dela jasanezina zaiena "besteei": bertan erakutsitako maitasunak bere erraietan gorrotoa sortarazten du. Batak bere kontrakoa sortzen omen du eta, asmakeria eta gezur pilo bat dela medio, lekuko ezezagun eta babestua barne, aspaldian itxita zegoen prozesu zaharra azpijokoz berrireki eta, momentuz, espetxeratu egin dute. Dialektika gogorra.
Jakin badakit hau dena euskal pertsona askori suertatu zaiola. Baina, bai Jorge, bai Miguel, Pili eta María ere hurbilago ditut eta minduago nago. Horregatik ari naiz gehiegi luzatzen. Gaurkoan, amorruari pena gehitzen zaio eta penak bihotzetik atera behar omen dira. Beraz, barkamena eskatzen dizuet, irratiko esatari-kazetariei, baita zuei, entzuleei.
Eta zuri, Jorge, zauden tokian zaudela, animo! Guri, amorrua bizitzarako gogo bihurtzen zaigu. Dialektika leuna. Ez dugu, bada, etsiko.