Santi Leone: "Fiteroko kuartelaren lehen harria jartzeko zeremoniak Nafarroa ulertzeko argazkirik onena utzi digu"

Euskalerria Irratia 2014ko mar. 18a, 11:58

Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (amaieran, audioa):

Maite dut…

1. Maite dut gastu sozialaren usaina goizetan: Espainiako armadak maniobrak egin ditu joan den aste honetan Bardeako parke naturalean. Defentsa ministroak gastu soziala direla erranez justifikatu ditu, maniobra horien onurak guzioi ailegatuko omen zaizkigu.

Bill Kilgore teniente koronela Vietnamen gastu soziala antolatzen, Apocalypse Now pelikulako fotograman

2. Maite dut PSNk Barcinari ez laguntzeko duen estilo berezi hori: 170 herrik landa-guneetako larrialdiak hobetzeko lege proposamen bat aurkeztua bazuten ere, Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen PSNren abstentzioari esker. Beraz, Barcinarekin inoiz jarriko ez diren horiei esker, Marta Verak bere borondatea ezarriko du.

3. Maite dut herriaren nahia betetzen denean: Fiteroko jendeak eskatu omen zuen Guardia Zibila buelta zedin, eta bueltatu egin da, Yolanda Barcinak azpimarratu bezala [ikus  9’53’’ -  10’38’’]. Kuartelaren lehen harria jartzeko zeremoniak Nafarroa ulertzeko argazkirik onena utzi digu.

4. Maite dut justizia egiten denean: Eta horregatik ez dut maite Angel Berruetaren omenez paraturiko plaka poliziak berehala kendu izana, eta horregatik ez dut maite hari oraindik biktima estatusa onartu ez izana.

5. Maite dut zenbakien inguruan eztabaidarik ez denean: Manifestazioetan ez bezala, xabierkerietan ez da inoiz eztabaidarik izaten jakiteko zenbat jende bildu den Xabiergo gazteluan. Aurten inoizko xabierkeriarik handienak izan dira nonbait. Galdera da hori ona edo txarra den.

6. Maite dut Nafarroako historia berriak argitaratzen direnean: Alfredo Floristánek Nafarroako historia berri bat argitaratu du –El reino de Navarra y la conformación política de España (1517-1841)–, Akal argitaletxean. Lehen, Nueva historia de Navarra talde lanean parte hartu zuen, eta liburu horren koordinatzaileak paktuak egiteko ustezko gaitasuna aipatuz laburbildu zuen Nafarroako historia. Susmoa dut honetan ere paktuaren bidetik joko duela.

7. Maite dut jakitea adituak zertan diren aditu: Adituek aholkatu diote Espainiako gobernuari BEZa igatea eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga jaustea. Bistan da neoliberalismoan direla adituak, edo desberdintasun ekonomikoak areagotzen.

8. Maite dut jende gazteak liburuak argitaratzen dituenean: Danele Sarriugartek Erraiak nobela argitaratu berri du, eta, aurkezpenean erran bezala, maitasuna edo bikote harremana da testuan jorratzen diren gaietarik bat. Sarriugarte itzultzailea da, eta Garazi Arrularekin batera Elearazi blogaz arduratzen da.

Danele Sarriugarte, arrosasarea.org bitakorako irudi batean

9. Maite dut zenbaitek maskara eranzten dutenean: Hola! aldizkariak Mongoliaren ale bat dendetarik kentzeko eskatu du, bertan Cristina errege-alabaren eta aldizkariaren beraren parodia egiten zelako (kartzelan irudikatzen zuten, eta albistea Hola! aldizkaria emanen lukeen bezala eman zuten).

10. Maite dut euskara batua aldarrikatzen denean: Ukrainako gertakarien kontura, berriki ikasi dut Ukrania Europako hiru hizkuntzatan baizik ez dela erraten (portugesean, espainolean eta grezieran): gainerako guzietan, Ukraina.

Eta, akitzeko, Molotov taldearen Gimme tha power.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=hfmY9Wlxx0o[/youtube]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!