Aritz Galarragak generoaren inguruan aspaldidanik zuen kezka liburu bihurtu du: Izan gizona. Esperientzia pertsonaletik eta autobiografiatik abiatuta, gizontasun hegemonikoari eta gizon izateko gizarteak ezartzen dituen ereduei buruzko gogoeta egin du.
"Badago gizon izateko modu bat, gizartean inposatzen zaiguna eta hortik aldentzea oso zaila da", azaldu du Galarragak. Izan ere, gizarteak eta sistemak gizon jakin batzuk izatera bideratzen ditu baina molde horretan gizon asko ez dira eroso sentitzen. Honen harira, idazleak nabarmendu du beste gizontasun batzuk praktikan jartzea ere ez dela erraza, bazterrean geratzeko arriskua baitago.
Liburuan maskulinitate hegemonikoaren hainbat ezaugarri aztertu ditu. Besteak beste, indarkeria aipatzen du, ez soilik gizonek emakumeengan eragiten dutena, baita eguneroko jarreretan agertzen dena ere. Soldaduska eta Euskal Herriko indarkeria politikoa ere lantzen ditu. Horrez gain, gizonen arteko harremanetan sentimenduei buruz hitz egiteko dagoen zailtasuna aipatzen du: "Gauzen inguruan hitz egiten dugu, zer egin edo lortu dugun; baina sentitu dugunaren inguruan ez dugu hitz egiten".
Galarragaren ustez, gizarte berdinzaleago baterako bidea ez da egun batetik bestera egiten. Aldaketa ekintza txikietatik has daiteke, norberaren maskulinitatea aztertuz eta zer hobetu edo aldatu daitekeen identifikatuz. "Lehenengo gauza autoanalisi bat egitea da" eta gizonei ariketa egiteko aholkua luzatu die.
Izan gizona liburua bihar, azaroaren 25ean, aurkeztuko du Galarragak, 19:30etan, Karrikirin.