Ez zen garaipen samurra izan, baina garaipena izan zen, azken batean. Eta horixe zen talde gorritxoak behar zuena, sailkapenean arnasa hartu ahal izateko. Budimirrek 20. minutuan sarturiko golak erabaki zuen neurketa.
Nafarrak zalantzati agertu ziren hasiera batean, baina azkenerako, lehen zati txukuna osatu zuten. Goraipatzekoak izan ziren Aimar Orozen itzulera ona, Moi Gomezekin osatu zuen konexio distiratsua, Budimirren eraginkortasuna eta Valentin Rosierren lan nekaezina. Hain justu, hegaleko frantziarrak jokaldi ederra egin zuen Osasunaren lehen golean: Larrubia maisuki gainditu, eta erdiraketa zorrotza bidali zuen area barrura. Baloia Budimirrek sareratu zuen; nork bestela.
Bigarren gola egiteko beste abagune batzuk ere izan zituen aurrelari kroaziarrak. Baina Osasunaren abantaila ez zen handitu, eta sufritu beharrean izan zen azkenean. Dena den, Malagak ez zuen atera jaurtiketa bakar bat ere egin, eta Moi Gomezen akats batek ekarri zuen andaluziarren aukerarik garbiena. Catenak bigarren txartel horia ikusita, jokalari bat gutxiagoren amaitu zuen Osasunak. Baina hiru puntu gehiagorekin ere bai. Eta horixe izan zen garrantzitsuena.
Emakumeen taldeak ere irri egin zuen, 0-2 nagusitu baitzen Reala Bren aurkako derbian, Maitek eta Zairak bigarren zatian sarturiko golei esker. Lehen zortzi partidetatik bakarra galdu du Roberto Perezen taldeak, eta seigarrena da sailkapenean.
Horretaz guztiaz luze eta zabal mintzatu gara Kirolerriko Osasun-etxean.