Hamaika jaialdiaren aitzakipean hurbildu dira Euskalerria irratira Maitane Suinaga biolin ikaslea eta Marco Bellizzi tronboi irakaslea eta jazz departamentu burua. Bizkarrean ekarri du Suinagak biolina, eta tentuz atera du, biolin berezia baita. Antonio Alvira Llorente biolin-jotzaile iruindarraren biolina da, 1769an Contreras biolina da "Stradivarius espainola" bezala ere ezaguna, eta Iraizoz Astiz Anaien Fundazioaren eskutik Suinagaren eskuetara iritsi da, urtebetez erabiltzeko. Instrumentu historiko eta balio handikoa da, eta arreta eta mimo berezia eskatzen ditu. Horregatik, Suinagak beti gainean eramaten du, urte betez izanen du hura jotzeko aukera.
Santa Zezilia musikarien zaindariaren ospakizunaren inguruan zenbait ekitaldi eta kontzertu antolatzen ziren Iruñeko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, baina dela zortzi urte hasi ziren Hamaika jaialdia antolatzen. "Kontserbatorioan egiten diren jarduera eta musika-proposamen guztiak herritarrei erakustea da helburua", azaldu du Bellizzik eta "ikasleek protagonismo handia dute" gehitu du.
Emanaldi gehienak kontserbatorioan bertan eginen dituzte, baina igandean Kondestables jauregian ere izanen da kontzertu batez gozatzeko aukera. Manuel de Fallaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko dute Remacha aretoan, eguerdiko 12:00etan, konpositorearen errepertorioa eta interpreteak ardatz hartuta.
Hirugarren urtez hartuko du parte jaialdian Maitane Suinagak: «Gustatzen zaigu jotzea, eta zer hoberik hori jendearen aurrean egitea baino», adierazi du. Izan ere, ikasleek beren lana erakusteaz gain, kontzertu-esperientzia eta publikoarekin harremana lantzeko aukera dute Hamaika Jaialdian.