Eneko Bidegain: “Euskal gatazkaren inguruan patxadaz idaztea beharrezkoa da”

Euskalerria Irratia

Elkar argitaletxearen kaleratutako ‘Hegal Egiten’ eleberria aurkeztuko dute azaroaren18an Karrikirin

Eneko Bidegain idazleak Hegal egiten eleberria kaleratu du, Elkar argitaletxearen eskutik. Lan berri honek 1986ko abenduaren 13an Paueko espetxean gertatutako ihesaldia du ardatz: egun hartan, Iparretarrak (IK) erakunde armatuko komando bat presondegian sartu zen, zuzendaria bahitu, eta Maddi Hegi heletarra nahiz Gabi Mouesca atetik bertatik aterarazi zituen.

Elkar-EKE fundazioaren bekari esker argitaratutako lan honetan, Bidegainek memoria historikoa eta literatura uztartu ditu. Irakurleak kronika baten moduan biziko du ihesaldia protagonista beraren eta gertakaria bizi izan zutenen begietatik, denboran atzera eginez Maddi Hegiren ibilbidea eta garai hartako testuingurua ulertzeko.

Idazleak duela hogei urte egin zuen Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia saiakeran landutako kapitulu batetik abiatu da nobela hau idazteko. Dokumentazio lan sakona egin du: elkarrizketa berriak bildu ditu, orduko prentsa artxiboak arakatu ditu eta Hegik espetxetik idatzitako gutunak aztertu ditu, haren izaera eta grina ahalik eta zehatzen islatzeko.

Bidegainen hitzetan, ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriko gatazkaren kontakizuna osotasunean egitea, belaunaldi berriek ere zer eta nola gertatu zen jakin dezaten. Horrez gain, 1980ko hamarkadako borroka armatuan emakumeek izan zuten rola aldarrikatu nahi izan du, maiz bigarren planoan edo itzalean utzi izan direlako.

Azaroaren 20an Karrikirin aurkeztuko du Eneko Bidegainek Hegal Egiten liburua, arratsaldeko 7.30etatik aurrera. Aurkezle lanetan Maddi Ane Txoperena egongo da. Aurretik, Bigarren Solairua saioko Egongelara hurbildu da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!