Joan Beriainen 'Dotrinaren' 400 urteak gogora ekarri ditu Euskaltzaindiak

Euskalerria Irratia

Duela 400 urte argitaratutako euskarazko dotrinaren ale bakarra ikusgai izanen da azaroaren 22ra arte, Iruñean.

Joan Beriain idazle nafarraren Doctrina christiana liburuaren 400. urteurrena dela eta, haren inguruko mikroerakusketa zabaldu dute Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. Erakusketa azaroaren 22ra arte bisitatu ahal izanen da, eta euskararen historiarako balio berezia duen argitalpen baten nondik norakoak ezagutzeko aukera emanen du. Erakusketaren aurkezpen-ekitaldia egin dute, azaroaren 16an, Iruñean. Bertan izan dira Jabier Arakama Euskarabidearen zuzendari-kudeatzailea, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Ekaitz Santazilia euskal filologoa eta euskaltzain urgazlea.

Beriainen dotrina 1626an argitaratu zen, eta euskal autore klasikoen lanen artean leku berezia du. Izan ere, euskarazko lehen testu inprimatuetako bat da, eta Iruñerriko euskaraz idatzita dago. Berezitasun nagusietako bat, ordea, ale bakarra ezagutzen dela da. Irigarai familiarena da, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian erakusgai jarri dute.

Gainera, liburuaren irudiak ez dira inoiz osorik argitaratu. Argitalpen elebiduna da, euskarazko eta gaztelaniazko testuak biltzen dituena, baina orain arte euskarazko zatia baino ez da editatu eta argitaratu.

Baina nor izan zen Joan Beriain? Utergan jaio zen 1566an, eta herriko abade izan zen 1602tik 1633ra bitartean, hil zen urtera arte. Gutxienez bi liburu idatzi zituen: Tratado de cómo se a de oyr misa, escrito en romance y bascuence (1621) eta Doctrina christiana (1626). Bi lan horiek dira Hegoaldeko goi-nafarreraz idatzitako dotrina ezagun zaharrenak.

Euskaltzaindiak hainbat ekintza antolatu ditu urteurrenaren harira, Euskarabidearen babesarekin eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eta Irigarai familiaren laguntzarekin. Erakusketaz gain, Beriainen liburuaren edizio kritiko-konparatua argitaratuko du Euskararen Lekukoak bilduman. Halaber, azaroaren 18an, asteazkenarekin, 18:00etan, Ekaitz Santaziliak hitzaldia emanen du Errege Artxiboan bertan.

Erakusketak, informazio-panelen bidez, Nafarroako euskararen historiaren lekuko garrantzitsu bat gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!