Peiremans+ taldeak disko berria aurkeztuko du lehen aldiz jendaurrean, Euskalerria Irratian

Euskalerria Irratia

Peiremans+ taldeko Haritz Beristain, Imanol Ubeda eta Gorka Urbizu. ©Jokin Fernández

Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda taldeko kideek ‘Hirugarren Maila’ diskoa aurkeztuko dute azaroaren 19an, Euskalerria Irratiaren estudioan. Emanaldia bertatik bertara ikusteko gonbidapenak ordu gutxitan agortu dira.

Peiremans+ taldeak Euskalerria Irratian aurkeztuko du jendaurrean bere hirugarren diskoa: Hirugarren Maila. Azaroaren 19an argitaratuko du lana Only In Dreams diskoetxearekin, eta egun berean, arratsaldean, taldeak emanaldi berezia eskainiko du Euskalerria Irratiaren estudioan. Goizean Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa; arratsaldean, berriz, Iruñeko Kale Nagusiko estudiora bertaratuko dira.

Hitzordua 19:30ean izanen da. Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda taldeko kideek elkarrizketa eskainiko dute, eta, horrez gain, bi kanta joko dituzte zuzenean gure kontzertu txokoan. Emanaldia bertatik bertara ikusteko gonbidapenak ordu gutxitan agortu dira.

Peiremans+ taldeak urteetako etenaren ondotik ekin dio berriz bideari. Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan, Don Inorrez) eta Haritz Beristain ‘Txiki’ (Kashbad) dira taldeko kideak. Hirugarren Maila hirugarren lana izanen da, eta uda honetan grabatu dute Paco Locoren estudioan, El Puerto de Santa Marían. Jordi Morak egin du nahasketa, eta Víctor Garcíak masterizazioa.

Diskoaren aurrerapen gisa, "Durangoko Palentinoan" kanta argitaratu dute. Urbizuk idatzitako abestiak Durangoko Azokaren inguruan urtero elkartzen diren artista eta sortzaileak ditu hizpide. Bideoklipean, gainera, euskal kulturako 44 lagunen agerraldiak bildu dituzte; tartean dira Izaro, Lisabö, Chill Mafia, Ibil Bedi, Ezezez, J Martina, Itziar Ituño eta Joseba Sarrionandia.

Disko berriarekin batera, taldearen lehen bi lanak biltzen dituen binilozko edizioa ere kaleratuko dute. Azaroaren 27an hasiko dute itzulera bira, Elgetan, eta abenduaren 29an bukatuko dute Bilbon. Guztira, hemeretzi kontzertu eskainiko dituzte. Emanaldi guztietarako sarrerak agorturik daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!